Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finalerako boskotea osatu da

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 5a, 14:00

Finalean ariko den boskotea, ezker-eskuin: Iker Vicente, Jon Rekondo, Eneko Saralegi, Ruben Saralegi eta Oier KaƱamares.

Iker Vicente, Jon Rekondo, Eneko eta Ruben Saralegi anaiak eta Oier Kañamares ariko dira abenduaren 6an Donezteben

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu zuten igande eguerdian Lekunberrin eta, honenbertzez, erabakia gelditu da abenduaren 6an Donezteben jokatuko den finalerako boskotea: Iker Vicente gaur egungo txapelduna, Jon Rekondo, Eneko Saralegi eta Ruben Saralegi leitzarrak eta Oier Kañamares.

Pronostikoak betez, Iker Vicente izan zen bizkorrena bi kanaerdikoak, bi 60 ontzako eta oinbiko enborra mozten (12.52). Ia 3 minutu gehiago behar izan zituen Jon Rekondo leitzarrak (15.51). Hirugarren posturako lehia estua izan zen Saralegi anaien artean eta azkenean gazteenak, Enekok, lortu zuen, zortzi segundorengatik. Finalerako azken txartela ematen zuen bosgarren posturako lehia, berriz, Kañamarestarren artekoa izan zen eta hemen Oier zazpi segundorengatik nagusitu zitzaion Juleni.

Emaitzak:

  1. Iker Vicente (Otsagi) 12:52
  2. Jon Rekondo (Leitza) 15:51
  3. Eneko Saralegi (Leitza) 17:38
  4. Ruben Saralegi (Leitza) 17:46
  5. Oier Kañamares (Arostegi) 18:08
  6. Julen Kañamares (Arostegi) 18:15
  7. Iban Resano (Dorrao) 19:01
  8. Joxean Etxeberria (Ziga) 19:16
  9. Goizeder Belza (Etxarri Aranatz) 20:59
  10. Xuban Kañamares (Arostegi) 21:20

Azkeneko bi sailkatuek maila galdu dute. Zortzigarren postuan gelditu den Joxean Etxeberria zigatarrak, berriz, Lopezen aurkako jaitsiera kanporaketa eskatu du (Juan Jose Lopezek ez du kanporaketan parte hartu lesio baten ondorioz).

Jaitsiera kanporaketa jokatzeko, gehienez 8 hilabeteko epea izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun