Eguraldiak laguntzen badu promozio mailako laxoa txapelketako finala jokatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 16:00

Larunbat arratsaldean finalerdiak jokatzekoak dituzte eta igande goizean finala, bi kasuetan Iruritan. Euria egiten baldin badu, ordea, hitzorduak bertan behera utziko dituztela iragarri dute.

Laxoa Elkarteak antolatutako promozio mailako udazkeneko lauko laxoa txapelketa asteburu honetan erabakiko dute. Hain zuzen, eguraldiak laguntzen badu, larunbatean, urriaren 3an, finalerdiak jokatuko dituzte eta igandean, urriaren 4an, finala. Hala ere, euria egiten baldin badu partidak ez dituztela jokatuko jakinarazi dute.

Finalerdiak sei jokotara jokatuko dituzte, 16:00etatik aitzinera. Alde batetik, Iruritako (Jon Sagaseta, Gorka Urtasun, Imanol Zoko eta Hegoi Iturregi) eta Oizko taldeak (Iker Bereau, Mikel Mikelarena, Laurendi Zelaieta eta Zorion Zelaieta) ariko dira eta bertzetik, Doneztebeko (Josu Juanena, Dabid Mitxeo, Joseba Juanena eta Unai Ilarregi) eta Arraiozko taldeak (Mikel Mindegia, Xabier Bengoetxea, Aritz Alunda eta Miguel Maritorena).

Finala berriz igandean 11:30ean hasitako izanen da eta bederatzi jokotara eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun