Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko laguntzak urriaren 6tik aurrera izapidetu ahal izanen dira Nafarroako 32 tailerretan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 20:00
Eskualdean zerbitzu hau, soilik, Elizondoko Zirrike tailerrak eskainiko du

Diru laguntza Nafarroan bizi diren 14 urtetik gorako pertsonentzat dira, eta gehienez 50 euro jasoko dituzte. Eskualdean, tailer bakarrak eskainiko du zerbitzu hau, Elizondoko Zirrike tailerrak.

Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen diru-laguntzen kanpainan parte hartu nahi duten pertsonek erreserbak izapidetu ahal izango dituzte urriaren 6tik azaroaren 15era, programari atxikitako 32 tailerretako edozeinetan.

Interesa dutenek atxikitako tailerretako batera joan eta konponketa- edo mantentze-zerbitzu bat eskatu beharko dute, bizikletak konpontzeko, doitzeko edota segurtasun-elementuak gehitzeko eskatuz. 

Dirulaguntza-programari buruzko informazio guztia https://www.navarra.es/eu/web/reactivatubici webgunean dago. Besteak beste, atxikitako tailerren kokapena erakusten duen mapa kontsulta daiteke bertan.

Diruz laguntzen ahal izanen diren lanak

Diruz laguntzen ahal izanen dira konpontze- eta mantentze-lanak, baita ibilgailuari segurtasun-elementuak gehitzea ere. Konponketen sailkapenean honakoak sartzen dira: balaztak (heldulekuak eta diskoak, zapatak eta pastillak, eta pintzak), aurreko urkila, errodamenduak, katea, piñoiak, platerak, atzeko aldagailua, aurreko desbideratzailea, aldagailuari edota desbideratzaileari eragiteko gailuak.

Mantentze-lanen artean, berriz, dirulaguntza jasotzen ahal izanen da garbiketarako eta olioztatzeko; gurpilak zentratzeko eta erradioak doitzeko edo aldatzeko; balaztak doitzea (zapatak aldatzea eta heldulekuak doitzea, pastillak aldatzea, diskoak eta purgatzea); aldagailuak doitzea (aurrekoa –desbideratzailea- eta atzekoa; torlojuak doitzea (aulkia, potentzia eta direkzioa, eta gurpilen itxiturak aztertzea); gurpil-azalak eta ganberak; transmisioa (lubrifikazioa eta garbiketa; eta beharrezko elementuak aldatzea, hala nola katea, piñoiak, polearen gurpilak eta platerak) eta zirgak eta estalkiak (hondatzeagatik edo gaizki doiturik egoteagatik aldatzea). Gainera, barne hartuko dira ekipamenduak eta osagarriak (hala nola argia, txirrina eta lohi-babesa) instalatzearekin zerikusia duten zenbait alderdi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun