Eskualdeko enpresek 4,2 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 1a, 17:13

Nafarroako Ogasunak 2019ko zordun nagusien zerrenda argitaratu du eta, horren arabera, 640 pertsona eta enpresek 304 milioi euro zor dizkiote Nafarroako Ogasun publikoari. Joan den urteko datuekin alderatuz, zenbatekoa 1,3 milioi euro handitu da.

120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2019ko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko. Gobernuak, ordea, «inork ez duela aukera hori erabili» dio bere prentsa-oharrean.

Zordunen zerrendan ageri diren 640 pertsona edo enpresen artean, guttienez 16 eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Doneztebeko Aparan SL eta Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL dira. Bata zein bertzea aspalditxo itxi bazituzten ere, Aparanek 745.521,87 euroko zor metatua du (iaz baino 562.648,65 euro guttiago) eta Ayala Instalaciones Eléctricas SLk 471.918,61 eurokoa (iaz bezala). Doneztebeko Maderas Zabalaren zorra ere aipatzekoa da, 697.301,63 eurokoa baita (iaz baino 10.634,36 euro gehiago).

Nafarroa mailan, zorraren %40,86, hots, 121 milioi euro, higiezinen eta eraikuntzaren sektoreari dagokio. Horien artean dago Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay 273.003,32 euroko zorrarekin (iaz baino 10.549,87 euro gehiago). Gainerakoan, Goizuetako Maderas Arraetxe SLk 258.693,33ko zorra du Ogasunarekin eta Leitzako Zumardi Baso-Ustiapenak enpresak 246.800,63 eurokoa. Maila apalagoan bada ere, eskualdeko enpresa gehiago ere ageri dira zerrendan, guztira hamasei bederen.

Bertzetik, joan den urteko zerrendan zeuden batzuk ez daude oraingoan. Horietako batzuen kasuan, hartzekodunen lehiaketa bukatu eta sozietatea likidatu delako; bertze batzuen kasutan zorra gutxitu eta 120.000 eurotik beherakoa delako orain; badira zorraren ordainketa gibelatu zaienak ere edo zorra kitatu dutenak. Nafarroako Foru Ogasunak azpimarratu duenez, oraingo zerrendan dauden 94 enpresa lehiaketa-prozesuan daude. Zor den kopuruaren %24,52 dagokie horiei, hau da, 74,5 milioi euro.

Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (108,6 milioi euro, kopuru osoaren %35,72). Haren ondotik, Sozietateen gaineko Zerga (%8,85, hau da, 26,8 milioi), Konturako atxikipenak (%6,73 eta 20,4 milioi), PFEZ (%4,53 eta 13,7 milioi) eta Zerga Bereziak (%1,96 eta 5,9 milioi). Gainerakoa ezarritako zigorrei (%12,14 eta 36,9 milioi) eta bertzelako zerga, gainordain eta eratorpen-espedienteei dagokie (%30 eta 91,3 milioi).     

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun