Garraiolarien elkarteek N-121-A errepidean peajeak ez paratzeko eskatu eta autobiaren aldeko apustua berretsi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 30a, 19:00

Nafarroako Parlamentuaren lansaioan izan dira gaur Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkarteko eta ANET Nafarroako Enpresarien Elkarteko ordezkariek eta Nafarroarako mugikortasun plan bat eskatu dute, «eta ez peajeen plan bat». Horrekin batera, N-121-A 2+1 errepide bilakatzeko aukera «arriskutsua» iruditzen zaiela jakinarazi dute eta beraien ustez, «autobia izan beharko luke».

Tradisna elkartearen izenean Alberto Latorre koordinatzailea mintzatu da eta mugikortasunean egin beharreko inbertsioaren alde mintzatu da, «errepideetako segurtsuna indartu eta ezbehar-kopurua murrizteko gakoa» dela erranez. Epe laburrean Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidean hartu nahi dituen neurriak «hagitz positiboak» direla adierazi du, baina epe luzera 2+1 errepidea bilakatzeko asmoa «arriskutsua» izanen dela, «aitzinatzeetan ez du gehiegizko abiadura murriztea bermatuko». 

Bere irudiko, N-121-A errepideak autobia izan beharko luke, «Frantziarako irteera zuzenarekin». Horrekin batera, «BPGren %4,25» direla oroitarazi du baita «Nafarroako diru-kutxetara zerga bidez doazen 275 milioi euroetatik %7» ere. Sektorearen baitan 12.000 familia daudela ere adierazi du, eta pandemiak bete-betean eragin duela sektorean: «Covid-19aren garaian lanpostuen %4,37 galdu dira, hau da, 400 bat famailiaz ari gara, eta aunitz ERTEn daude».

Ignacio Orradre ANETeko idazkari nagusiak ere mugikortasunean egin beharreko inbertsioarekin ados daudela adierazi du, «baina egin beharrekoak finantzatzeko maneran zalantzak ditugu, ohiko zergen bidez finantziatua beharko luke».

Adierazi duenez, «2+1 errepidea eguteko obrek AP-15etik desbideratzeak eraginen dituzte eta obren ondotik N-121 errepidean bidesariak izanen dira eta horrek trafijoa N-121 errepidera bueltatzea zailduko du». Horren aitzinean, «Nafarroan mugikortasun plan bat» nahi dutela adierazi du: «ez ditugu gisa horretako  diru-sarrerak Gipuzkoara bideratu nahi» gaineratu du.

Gisa bertsuan, «parlamentuak Gobernua errepideen finantziazio- eta mantentze-politika garatzeko estutuko duela» pentsatu nahi dute, baita «hondarreko urteotan egin ez diren  inbertsioak eginen direla ere».

Orradrek azaldu duenez, «Nafarroan esportazioak lehiakotasuna galduko du, enpresek gainkostuei aurre egin beharko dietelako» eta, modu berean, «lehiakortasuna galtzeak ez du garraioan bakarrik eraginen, garraiaturiko produktuetan ere izanen du eragina».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun