Nafarroako Osasun Departamentuak gripearen aurkako txertoaren kanpaina abiatuko du

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 30a, 20:00

Urriaren 5etik aitzinera gripearen aurkako txertoa hartzera animatu nahi ditu herritarrak Nafarroako Osasun Departamentuak. Horretarako beharrezkoa izanen da hitzordua internet bidez edo telefonoz eskatzea bakoitzari dagokion osasun etxera deituta.   

Gripearen aurkako txertoaren kanpaina datorren astelehenean, urriak 5, hasiko da eta azaroaren 27ra arten iraunen du. Nafarroako Gobernuak, Osasun ministerioarekin egindako kanpainarekin bat eginez, herritarrak 2020an txertoa hartzera animatu nahi ditu, are eta gehiago COVID-19aren pandemiak eragindako arrazoiengatik. Kanpaina honetarako 270.000 dosi ditu Osasun Departamentuak, 2019an eskuraturikoak (126.000) halako bi baino gehiago.

Kanpaina hau 60 urtetik goitikoei, haurdun daudenei eta osasun arazo kronikoak dituztenei dago zuzendurik. Horrez gain, arrisku taldetako pertsonekin harreman zuzena dutenei ere jartzea gomendatzen die Osasun Departamentuak. Helburua, urtero bezala, kutsaturikoen eta gripeak jota hiltzen direnen kopurua gutxitzea da. Baita COVID-19 pandemiari aurre egiten ari diren herritarrenganako eta osasun sistemarenganko inpaktua murriztea ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun