Presoen aldeko martxak eginen dituzte larunbatean eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 29a, 14:00

Abuztuan Arraioztik Amaiurrera presoen aldeko mendi martxa egin zuten Baztanen.

Izan Bidea ekimenaren baitan, Euskal Herriko 650 kaskotara igoko dira herritarrak, preso eta iheslarien etxeratzearen alde. Eskualdean ere 30 tontorretatik goiti igotzeko aukera izanen da.

Sarek maiatzean aurkeztu zuen Izan Bidea dinamikaren barrenean, larunbat honetan, urriaren 3an, Euskal Herriko 650 kaskotara goituko dira herritarrak, preso eta iheslarien etxeratzearen alde, elkarbizitza eta bakearen alde eta konponbidearen alde. 650 tontor horietatik 220 Nafarroan izanen dira eta horien artean 32 TTIPI-TTAPAren eremukoak. 

Inoiz egin den igoera bateratu handiena izanen da eta «maila altuenetik baxuenera» arteko igoerak prestatu dituzte, eta «mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak...» ekimenarekin bat egitera animatu nahi izan dituzte. 

Antolatzaileen asmoa «ekimen eder eta esanguratsua» egitea da, «urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko». Hortaz,  «etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi dutenak gurekin bat egitera animatu nahi ditugu, izan gaitezen bidea, osa dezagun ibiltarien Sare erraldoia».

Tontor adierazgarrien zerrenda egin dute, «aurten kaleratutako zentenarioen zerrendan bilduta dauden tontorrak eta herriz herri kuttunenak». 

Baztanen 11 tontor  
Nafarroako Sarek jakinarazi duenez, Baztanen 11 tontor zehaztu dituzte: Abartan (Aniz eta Berroetatik joateko), Alkaxuri, Alkurruntz , Gorramakil eta Antsestegi (Amaiurtik joateko), Alba,  Burga (Beartzundik), Auza (Erratzutik edo Izpegiko gainetik joateko), Legate (Lekaroztik), Unboto (Elizondotik) eta Okoro. Saioa ere zerrendan sartu dute, baina kasu horretan Belatetik joateko deia egina da. 

Bortzirietan bertze 10  
Bortz herrietan bertze hamar tontor izanen dira helmuga. Arantzatik Ekaitzara eta Mendaurrera joateko deia eginen dute, 12:00etan bi tontorretan elkartzeko. Lesakatik, berriz, Izura lasterka, Bianditzera bizikletan eta Kopa eta Lizarrietara oinez joanen dira, 08:00etan plazatik abiatuta. Igantzitik Unanura joanen dira eta horretarako 11:00etan egina dute hitzordua frontoian. Beratik, berriz, Larhun eta Mandelara eginen dira irteerak, 09:00etan Altzateko Plazatik abiatuta eta Etxalartik Azkuara joateko aukera izanen da, 10:00etan plazatik abiatuta.

Malerrekan hiru tontor 
Malerrekatik lau tontorretara antolatu dute igoera. Loitzatera (Zubietako plazatik 08:30ean abiatuta), Oteixonera (Sunbillako plazatik 08:30ean abiatuta) eta Txarutara (Txarutako bordatik 10:00etan abiatuta).

Bertizaranan bi mendi 
Bertizaranan, berriz, Aizkolegira eta Oteixonera goititzeko aukera izanen da. 

Urdazubi-Zugarramurdin Atxuria helmuga 
Urdazubi eta Zugarramurditik, berriz, Atxurira igotzeko deia egina du Sarek. 

Leitzaldea-Urumealdean lau mendi 
Leitzaldean eta Urumealdean, azkenik, bertze lau mendi zerrendatu dituzte: Leitzatik Eguzkiko muinora eta Guratzera igotzeko deia egin dute. 09:00etan plazatik irteera bateratua eginen dute eta 10:00etatik 12:30era tontorretan atxikimendu argazkiak aterako dituzte. Aresotik Ulizar izanen dute helmuga eta Goizuetatik, berriz, Mandoegi. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun