Xabier Zalduak hirugarren aldiz irabazi du euskal pentatloia

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 28a, 18:00

Euskal pentlatoiko final handia jokatu zen larunbat gau euritsuan. Geldiune luze baten ondotik, 2018an hasi ziren berriz ere proba egiten, eta ordutik txapeldun bakarra ezagutu du: Xabier Zaldua. Bigarren izan zen Julen Gabirondo, eta hirugarren Xabier Orbegozo Arria V.a. Argazkiak: Ibon Errazu Uria

Euripean jokatu zuten larunbat gauean finala, bi txandetan banatuta. Lehenegoan nor baino nor gehiago aritu ziren Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Bigarrengoan, berriz, Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a. 100 kiloko harriari 25 jasoaldi; gizon proban, bi plaza 400 kiloko harriarekin; hiru kanerdiko moztu; 50na kiloko bi txingarekin lau plaza; eta korrika hiru kilometro —30 itzuli plazari— egin behar izan zituzten kirolariek.

Peñagarikano izan zen azkarrena lehen txandan, hasieratik bukaera arte, korrika saioan une txarrak pasa zituen arren. Hala, 38:42 minutuan bukatu zuen proba. Errazkinek 40:05 minutu behar izan zituen, eta Kañamaresek, finaleko nafaf bakarrak, 43:25. 

Bigarren txandako hirurek, ordea, Peñagarikanok baino azkarrago osatu zuten proba. Zaldua nagusitu zen hasieratik, eta Gabirondo hainbat unetan gerturatu zitzaion arren, 35 segundoko aldearekin nagusitu zitzaion. 36:06 minutu behar izan zituen lehenak, eta 36:41 bigarrenak. 37:55eko denbora eginda bukatu zuen, berriz, Arria V.ak.

Zalduak bere garaian Joxe Mari Olasagasti egindako marka berdindu du. Hark ere hirutan irabazi zuen Euskal Pentlatoi Txapelketa, 1983an, 1984an eta 1990ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun