Enpresak jarrera aldatu ezean, mobilizazioak egiteko prest agertu dira Baiko enpresako pilotariak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 23a, 17:30
Pilotariek erantzunik ez dutela jaso eta «babes gabe» sentitzen direla adierazi dute.

Baiko enpresako 18 pilotarik (tartean, Oinatz Bengoetxea leitzarrak) sinatutako ohar bat plazaratu zuten irailaren 16an Tolosan. Pilotariek, egindako agerraldian, «enpresari jarrera aldatzeko» eskaera egin zioten baina eskaerak ez du erantzurik jaso. Hortaz, mobilizazioren bat egiteko prest agertu dira.

Astebete pasatu da Baiko enpresako pilotariek enpresari jarrera aldatzeko eskaera egin ziotenetik. Eskaera sinatu zuten pilotarien (Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz izan ezin bertze guztiak) arabera, ordea, aldaketarik ez da izan. Horren aitzinean, pilotariak mobilizazioren bat egiteko prest agertu dira.

Adierazi dutenez, enpresa isilik gelditu da eta horrekin «ez kirol arloan ezta tratu pertsonalean ere» aldatuko ez dela «agerian» utzi dutela nabarmendu dute pilotariek. Bertzetik, «lankide batekin, Unai Lasorekin, kontratu bat negoziatzeko borondaterik ez» dutela izan ere nabarmendu dute eta hori «ulergaitza» iruditzen zaie, euren hitzetan, «txapelketa ofizialetan gure enpresako pilotaririk onena» izan delako. 

Lehengo lepotik burua

Sinatzaileen arabera, Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiaren jarrerak «bide autoritario beretik» jarraitzen du eta pilotariak «babes gabe» sentitzen gara. Horren aitzinean, laguntzeko deia egin diete: «Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta haien kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei auzia bideratzen eta aldatzen laguntzeko» eskatu diete.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun