Mendialdea eskualdeko baserritarren lehen bilera eginen dute irailaren 23an

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 23a, 10:00

Irailaren 23an, asteazkena, Mendialdea eskualdeko baserritarren elkartea sortzeko lehen bilera eginen dute Larraungo Udaletxean. Gaurko bileran, orain arte baserritarren elkarterako egindako proposamenetan adostutako puntuak aipatuko dira eta eztabaidatu beharreko puntuak aurkeztu eta hausnartuko dira.

Goizueta, Arano, Leitza, Areso, Larraun, Lekunberri, Araitz, Imotz, Atetz eta Basaburuko baserritarren elkartea sortzeko asmoa uda aurrekoa da. Orduan adostu zuten Mendialdeko baserritarren elkarteko helburuak, irizpideak, antolaketa funtzionamendua eta hemendik aurrerako ekintzak finkatzeko saioak eginen zirela irailean.

Hiru saio izanen dira guztira, lehenengoa gaur arratsaldean, irailaren 23an, 18:30ean, Larraungo Udaletxean. Bigarren saioa irailaren 30ean izanen da eta hirugarrena urriaren 7an. Bi saio hauek 18:30ean izanen dira eta lekuak oraindik zehaztu gabe daude.

COVID-19aren egoera dela eta saio bakoitzean hartu beharreko neurriak kontuan hartuko direla esan dute eta aurretik izena eman beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun