Berriz ere nazioartean saritu dituzte Orabideko Kortaria eta Urdazubiko Etxelekua gasnategiak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 18:00
Urteak daramazkite Urdazubiko Etxelekua gasnategikoak sari garrantzitsuak irabazten.

Idiazabal J.I. eta Artzai Gaztako bazkideak diren Orabideko Kortaria-Infernuko Gasna eta Urdazubiko Etxelekua-Bengotxea gasnategiak hainbat izar lortu dituzte Great Taste 2020 nazioarteko sarietan Idiazabal Baserrikoa artzai gaztarekin. Eskualdeko bi gasnategiekin batera, La Leze, Mausitxa eta Izoria gaztategiak ere saritu dituzte Londresen.

1994az geroztik Londresen egiten den Great Taste lehiaketa ospetsuan mundu osoko 12.000 jaki baino gehiago biltzen dira. Elikagaigintzako Oscar sari bezala ikusitako eta Guild of Fine Food-ek antolatzen duen edizio honetan hainbat kategoriatan banatutako 12.777 produktu bildu dira eta 144 epaile baino gehiagok parte hartu duten hainbat kata itsuetan baloratu eta sailkatuak izan dira. Horien artean, Jose Pizarro sukaldari ospetsua eta Melissa Hemsley sukaldari, idazle eta elikagai iraunkorraren defendatzaile sutsua.

Idiazabal J.I. Artzai Gaztako gaztategiek: LA LEZE (Ilarduia-Araba) bi sari jaso ditu: 2 izar gazta naturalarekin eta beste 2 izar gazta ketuarekin; MAUSITXA (Elgoibar-Gipuzkoa): 2 izar gazta naturalarekin eta izar 1 ketuarekin. ETXELEKUA (Urdazubi, Nafarroa) 2 izar Bengotxea gasna naturalarekin; KORTARIA (Lekaroz-Nafarroa) gasnategiak izar bana hartu du Infernuko Gasna gazta natural eta ketuarekin.

Bestalde, Idiazabal J.I. den IZORIA (Aiara-Araba) gaztandegiak ere izar bat lortu du bere gazta naturalarekin.

5 gaztategi hauek bakoitzak bere larreetan bazkatzen duten etxeko Latxa artaldeko esne gordina erabiliz egiten dute gazta.

Guzti hauek Idiazabal jatorri izendapenaren barne daude eta familia hauek belaunaldiz belaunaldi lan egiteko era eta jakituria transmititzen jakin izan dute eta hainbat alditan sarituak izan dira, bai bertako zein nazioarteko lehiaketa ospetsuetan gure gazten izen ona mugaz bestalde zabalduz.

Artzai Gazta eta Idiazabal Jatorri Izendapenetik gaztategi hauek zoriondu nahi dituzte. “Harro sentitzen gara gure gaztak nazioarte mailan goi mailako adituek horrelako lehiaketetan aukeratuak izateagatik. Gure ustetan honek, beste behin, artzai eta gaztagileen ahalegina, ilusioa eta lan ona goraipatzen du” diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun