Ondarearen Europako Jardunaldiek Erratzun eta Urdazubin ere izanen dituzte saioak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 18a, 20:00
Erratzuko San Pedroko klaustroa ezagutzeko aukera izanen dute iraileko azken aste hondarrean eta urriko lehen aste hondarrean.

Hezkuntza eta Ondarea lelopean eginen den programaren baitan Erratzuko San Pedro elizako klaustroa eta Urdazubiko Berroberria eta Alkerdiko lezeak ezagutzeko aukera izanen dute

Ondarearen Europako Jardunaldiek (Jep) 90 jarduera hartuko dituzte 43 herritan irailaren 25, 26 eta 27an, eta urriaren 2, 3 eta 4an. Programa bi asteburutan zabalduko da aurten, ahalik eta interesdun gehienei arreta emateko, eta edukiera mugatuko da ondare-guneetan  zein segurtasun-protokoloetan. Eskualdean Erratzun eta Urdazubin izanen dira ekitaldiak.


San Pedro elizako klaustroa ezagutzen

Erratzuri dagokionez, Klaustroak, Topagune. Erratzuko San Pedro elizako klaustroa izenburupean eginen dute saioa, irailaren 26an, larunbatean 12:00etan gaztelaniaz,irailaren 27an, igandean 12:30ean euskara; urriaren 3an, larunbatean 12:00etan gaztelaniaz eta urriaren 4an, igandean 12:30ean euskaraz. Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuak antolatu du saioa, Baztango Udalaren laguntzarekin.

Erratzuko San Pedro elizan klaustro berexi, xume eta eder bat aurkitzen dugu. XVIII. mendean eraikia, monastegietan aurkitzen ditugun klaustroen antza dauka, baina funtzio berexiak betetzen zituen. Aldi berean Baztango herri ederrenetako bat ezagutzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek.

 

Berroberria eta Alkerdiko lezeetara bisita gidatua Urdazubin

Urdazubiri dagokionez, Berroberria eta Alkerdiko lezeetara bisita gidatua antolatu du Urdazubiko udalak, SOS Alkerdi plataformaren laguntzarekin iirailaren 26an, larunbatean 10:00etan.

Bisita honetan Nafarroan existitzen diren labar-arte paleolitikoko adierazpen bakarrak behatu ahal izanen dira, Jardunaldi hauetan soilik ikusgarri daudenak. Aurtengo proposamenak Ondare Kulturalaren Europako Urtearen goiburua, “Heziketa eta ondarea”, gogoan izan nahi du.Aitzineko lau urteetako programazioaren eskemari jarraiki, honakoa antolatuko da:– Herri-ibilbide gidatu bat Alkerdi ingurua bisitatzeko. Geldialdiak eginen dira eta puntu adierazgarrienei buruzko azalpenak emanen dira, zaldi urdinaren bidearen parte bat erabiliz horretarako, eta Alkerdi-Berroberriaraino iritsiko da. Helburua jarduera hau Alkerdi-Berroberriaren lezearen barreneko aldearen bisitarekin konbinatzea da, baita Alkerdiko sistema karstikoaren -kultura-intereseko ondasuna- garrantziari buruzko hitzaldi batekin ere, zeina Nafarroako Gobernuak eskainiko duen. Topagunea: Urdazubiko plaza.Argiztatze-sistema bat (esku-argia) eramatea gomendatu dute.Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez, 2014. Urteaz geroztik SOS Alkerdik, Urdazubiko ondarea Defendatzeko Plataformak, hainbat jarduera antolatu ditu gure inguruneko ondare arkeologiko, kultural eta naturala jakitera eman eta balioesteko. Jardunaldi horietan aire zabaleko hainbat jarduera antolatu dira, bisita gidatuak kasu, eta, gainera, hizlari aditu eta entzutetsuen hitzaldiak antolatu dituzte:– 2015ean Ignacio Barandiaran arkeologoak konferentzia bat eskaini zuen bere ekipoak kobazulo hauetan egindako indusketa-lanei buruz.– 2016an Aranzadi Zientzia Elkarteak Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirolaren Departamentuak eskatuta egindako lanen edukia eta egindako aurkikuntza arkeologikoak aurkeztu zituen.– 2017an Juan Tomás Alcalde biologoak hitzaldi bat eskaini zuen Urdazubiko saguzaharren bizitzari buruz.– 2018an, SOS Alkerdik Axularren geroa eta oraina izeneko hitzaldi bat antolatu zuen, Patxi Salaberri Muñoak, Euskal Filologiako doktore eta Euskaltzaindiak izendatutako ikertzaileak eman zuena.Bertzalde, azken lau urteotan Nafarroako Gobernuak bisita gidatua eskaini du Alkerdi-Berroberriako lezera. Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zuzendaritzako arkeologia saileko arkeologoek egiten dute eta herritarrek zein bisitariek gehien estimatzen duten jardueretako bat da.  

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun