Eskola garraioaz arduratzen diren Nafarroako 33 enpresari 3,3 milioiko isuna paratu diete

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 16a, 18:45
Administrazioak berriz kontratatzea debekatu nahi dute.

Foru Gobernuaren lehiaketa publikoetan iruzurra egiteagatik paratu diete isuna. Zigor handienak Compañia Navarra de Autobuses (667.297 euro), Burundesa (437.646 euro) eta Autobuses Jimenez (223.266 euro) enpresek jaso dute.

Espainiako Lehia Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMC) 3,36 milioi euroko isuna ezarri die eskola garraioaz arduratzen diren Nafarroako 33 enpresari, Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteari Foru Gobernuaren lehiaketa publikoetan iruzurra egiteko kartel bat osatzeagatik.

CNMCk adierazi duenez, «Hezkuntza Kontseilaritza lehiaketak garestitzeko eta euren artean banatzeko» kartel bat sortu zuen 2013tik 2018ra bitarte. Hortaz, enpresei 3,36 milioi euroko isuna eta Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteari 15.000 eurokoa paratu dizkiote. Gainera, administrazioarekin lan egitea debekatu diote.

Autobus zerbitzua esleitzeko lehiaketan iruzurra

Ikasleak autobusez eramateko zerbitzua esleitzeko lehiaketetan iruzurra egitea leporatu diete eta ibilbideak, lan-kargak eta prezioak «nahi bezala» banatu dituztela gaineratu dute. Ikerketetan ondorioztatutakoaren arabera, «enpresek koordinatuta» egin dute lan eta gaineratu dutenez, «enpresetako bat lehiaketara aurkezten zenean sarea osatzen zuten gainerakoak ez ziren aurkezten». Lehiaren Batzordeak akordiorik ez balego «prezio eta baldintza hobeak lortzeko lehia» izanen litzatekela adierazi du: «enpresek eskaintzak eginen lituzkete kontraturen bat lortzeko aukera gehiago izateko».

Administrazioak berriz kontratatzea debekatzeko prozedura abian

Lehiarako Batzordeak arau hauste larri horren ondorioz, administrazioak berriz kontratatzea debekatu nahi du eta horretarako prozedura martxan da dagoeneko. Espainiako Kontratazio Publikoaren Kontsulta Batzordearen esku geldituko da zigor horren iraupena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun