Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak euskara teknikarien lan poltsa eguneratuko du

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 07:00
Eskualdeko hainbat herri daude UEMAn, taldean Leitza.

Arantza, Areso, Baztan, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi eta Leitza Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen barne daude.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Hizkuntza Normalkuntzarako sortzen diren behin-behineko langile-premiei erantzuteko helburuz, euskara teknikarien lan poltsa eguneratuko du.

Izen-ematea eta baldintzak

Deialdian parte hartzeko izen-ematea heldu den asteartera arte, hau da, irailaren 22ra arte, egonen da zabalik. Parte-hartzaileek hamasei urte beteak izan beharko dituzte eta erdi mailako titulu bat izan beharko dute. Horrez gain, administrazio publikoen zerbitzutik baztertu gabeak izan behar dute eta eginkizunak normaltasunez betetzeko fisikoki eta psikikoki gaituak. Laugarren hizkuntza eskakizuna ere egiaztatu beharko dute (lehiaketa-oposizioan egiaztatzeko aukera izanen delarik).

Eskaerak UEMAren Azpeitiko egoitzan aurkeztu beharko dira eta eskaera orriarekin batera Nortasun Agiriaren fotokopia, titulazioaren kopia eta merituak aurkeztu beharko dira.

Aukeratze prozesua

Izengaiak aukeratzeko oposizio aldia eta lehiaketa aldia izanen dira. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Lehiaketa aldian esperientzia eta prestakuntza osagarria egiaztatuko da eta oposizio aldian bi ariketa izanen dira. Lehenbizikoa proba praktikoa izanen da (gehienez 50 puntu eta gutxienez 30 lortu beharko dira). Bigarren ariketa, berriz, ariketa psikoteknikoak eta elkarrizketa pertsonalak osatuko dute (40 eta 20 puntuko balioa izanen dutenak, hurrenez hurren). Azken ariketa horretako bi ataletan, gutxienez, puntuazio erdia eskuratu beharko da.

Datak

  • Izen-ematea: irailaren 22a arte.
  • Baztertu eta onartuen zerrenda: irailaren 23an (www.uema.eus helbidean).
  • Erreklamazio epea: irailaren 28ra arte.
  • Lehenbiziko azterketa: urriaren 1ean.
  • Idatzizko azterketaren emaitzak: urriaren 8an.
  • Bigarren ariketak: urriaren 13an eta 14an.
  • Behin betiko emaitzak: prozesuan zehar.

Xehetasun guztiak www.uema.eus webgunean daude irakurgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun