Euskara ikasleendako dirulaguntza eskaerak urriaren 2ra arte aurkez daitezke

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 15a, 19:00
Euskara ikasleak omendu zituzten Korrikaren 18. edizioan.

2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era arte euskara ikasleek egindako ikastaroen matrikula gastuak ordaindu ahal izateko dirulaguntza deialdia egin du Malerrekako Mankomunitateak. Laguntza ikastaroan izandako bertaratzearen araberakoa izanen da eta, gehienez ere, matrikula gastu osoaren adinakoa izanen da. 

Bertaratzea saioen %85etik goitikoa izan denean, ikasleak kostu osoaren zenbatekoa jasoko du; saioen %70-85 artean izan bada, dirulaguntza %75ekoa izanen da eta %70etik beherakoa denean ez dute laguntzarik jasoko. Gehienez 380 euro emanen zaizkie. 

Baldintzak
Eskatzaileek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte, Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuak egon edo mankomunitateko langile izan beharko dute. 

Epeak
Eskabideak eta gainerako dokumentuak aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 2ra egonen da zabalik. Eskatzaileak eskaera orria (Malerrekako Mankomunitatearen webgunetik deskarga daiteke), nortasun agiriaren fotokopia, erroldatze ziurtagiria, euskaltegiko izen- emate orria, ordainagiria eta administrazio publiko zein entitate pribatuei eskatutako dirulaguntzen aitorpena aurkeztu beharko ditu Malerrekako Mankomunitatean.

Bateragarritasuna
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bertze erakunde publiko zein pribatuk emandakoekin, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. 

Dirulaguntzari buruzko oinarriak eta xehetasunak www.malerrekakomankomunitatea.eus webgunean eskuragarri daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun