N-121-A errepidean ibiltzen diren ibilgailu astunen %87 Nafarroatik kanpokoak dira

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 11a, 07:00

N-121-A errepidean dabiltzan kamioien % 87a Nafarroatik kanpokoak dira eta gainerako %13a baino ez da Nafarroakoa. Trafiko handia duten Nafarroako 5 errepidetan bidesariak edo peajeak jartzea aztertzen ari da gobernua. Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak eskatutako ikerketa batean ageri denez, errepide horietan dabiltzan kamioien %88a Nafarroatik kanpokoak dira.

Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepidean, Leitzarango A-15 autobidean, Nafarroa Araba eta Gipuzkoarekin lotzen duen A-1 autobidean, A-10 Sakanako autobidean eta A-69 Ebroko autobidean ibiltzen diren ibilgailu astunen trafikoari buruzko ikerketa egin du Girder enpresak, Nafarroako Gobernuak hala eskatuta. Eta horren arabera, ibilgailu astun gehienak Nafarroatik kanpokoak dira.

N-121-A errepidearen kasuan, 50,77 kilometroko luzera du, eta egunean 2.800 ibilgailu astun baino gehiago pasatzen dira. Horietatik %87 Nafarroatik kanpokoak dira eta gainerako %13a baino ez da Nafarroakoa.

A-15 autobidearen kasuan, berriz, 27,61 kilometroko bidea da eta egunean 2.600 ibilgailu astun pasatzen dira. Bildutako datuen arabera, %77 Nafarroatik kanpokoak dira.

Bertzalde, Belateko tuneletan Iruñerako bidean pasatzen diren ibilgailu astunen %83,5 ez dira Nafarroakoak eta Behobiara bidean, berriz, Nafarroatik kanpoko ibilgailu astunen portzentajea %84koa da.

Kutsatzen duenak ordaindu behar du europar irizpidearekin bat eginez, Nafarroako Gobernuak A-10, A-15, N-121-A, A-1 eta A-68 errepideetan bidesaria ezarri nahi du. Gisa horretara urtean 45 bat milioi bilduko dituela adierazi du eta hori «aspaldiko urteetan errepideen alorrean izan diren beharrei erantzuteko erabiliko da».

Matrikulen erregistro automatizatu baten bidez egin da Girder Ingenieros SLP enpresari eskatutako 'Nafarroako Foru Komunitateko bideetan dabiltzan ibilgailu astunen jatorriaren azterketa, matrikulak identifikatuz' izeneko ikerketa. Ikerketa hori egiteko bideo-kamerak eta matrikulak ezagutzeko software bat erabili dute, ibilgailuak tipologiaren arabera bereizteko aukera ematen duena, eta matrikulen irakurketa automatikoa egiten duena LPR teknologiaren bidez.

Bidesaria bakar bakarrik ibilgailu astunenei jarriko zaie

Gogoratu behar da joan den ekainean Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuko talde gehienek, PSN-PSOE, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Duguk eta Ezkerra-Ezkerrak, akordioa lortu zutela errepideak zerbitzu publiko gisa finantzatu eta hobetzeko.

Lurralde Kohesioko Departamentuaren proposamenaren oinarria da enpresa publiko bat sortzea, ahalmen handiko bortz errepidetan (A-10, A-15, N-121-A, A-1 eta A-68) ibilgailu astunentzako bidesariak kudeatzeaz eta ezartzeaz arduratuko dena. Aukera hori «erabiltzen duenak ordaindu egiten du« eta «kutsatzen duenak ordaindu egiten du» printzipioetan oinarritzen da, eta, hasierako eta gutti gorabeherako zifren arabera, urtean Nafarroako Ogasunean 45 milioi euro sartzeko aukera emanen luke, errepide-sarean aspalditik dauden beharrei aitzin egiteko.

Trafiko handiko errepideetan ibilgailu astunei bidesariak kobratzea hagitz hedatuta dago Europako Batasunean. Alemania, Portugal, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Suedia, Txekiar Errepublika edo Polonian bidesariak dituzte lurraldearen %100ean; bertze batzuek, hala nola Frantziak edo Italiak, gisa horretako errepide gehienetan dituzte bidesariak. Alde horretatik, Espainia salbuespena da gaur egun. Bakarrik Euskal Autonomi Erkidegoak ezarriak ditu bidesariak trafiko handiko ia errepide guztietan (Datu iturria: Europako Batzordea, AT Kearny, «Azpiegituren sektorearen bilakaera eta etorkizuna» SEOPAN).

Nabarmentzekoa da Nafarroak kokapen geografiko estrategikoa duela. Izan ere, Europatik eta Europara joan-etorrian dabilen nazioarteko trafiko astunak bolumen handia hartzen du eta, hartara, kamioi horiendako «pasabide» bat dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun