ERRAN.EUSen egiten diren erosketak ordaintzeko BIZUM ere erabiltzen ahal da orain

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 10a, 17:00

Berriki arte, Bizum partikularren arteko ordainketa ttikiak egiteko erabiltzen zen baina, gero eta gehiago, saltokietako online dendetan ere erabiltzen ahal da. Zerbitzu azkarra eta erabiltzeko erraza da, eta arrakasta handia du gazteen artean, batez ere. Orain, ERRAN.EUSen ere, Bizum Merkatu Ttikiko iragarkiak eta Urtebetetzeak ordaintzeko erabiltzen ahal da, lehendik zeuden ordainbideez gain (VISA, Transferentziak…).

Bizum Espainiako hainbat banketxek partekatzen duten ordainketa sistema bat da eta, Hego Euskal Herrian ere, mugikorren bitartez dagoen ordainketa sistemarik hedatuena da. Merkataritza elektronikorako aukera hau ez dute Bizum-en integratutako banku-entitate guztiek eskaintzen oraindik, baina laster guztietara zabalduko dute. Dagoeneko Caixabank, Kutxabank, BBVA eta bertze hainbatek eskaintzen dute online erosketak Bizum bidez ordaintzeko aukera eta, luze gabe, Rural Kutxak eta Laboral Kutxak ere eskainiko duela iragarria dute.


ERRAN.EUSen dagoeneko erabilgarri da

Orain arte ERRAN.EUSen Merkatu Ttikiko iragarki bat kontratatu nahi zuen partikularrak edo Urtebetetzeen atalean norbait zoriondu nahi zuenak erosketa VISArekin ordaintzen ahal zuen. Orain, ordainbide sistema berria gehitu zaio: Bizum-a. Hori bai, bere mugikorrean CaixaBank, BBVA edo Kutxabanken Bizum aplikazioa duen erabiltzaileak lehen urrats bat egin beharko du: gako edo pasa-hitza pertsonalizatua eskuratu. Lehen erosketa egiten duen momentuan bertan egin dezake hori.


Nola da prozesua?

Merkatu Ttikian zerbait saldu nahi duenak edo Urtebetetzetan argazki bidez norbait zoriondu nahi duenak, erosketa egiterako orduan, Bizum bidez ordaintzea aukeratuz gero, interfaze hau agertuko zaio pantailan:

 

Agertuko den leihoan telefonoa sartzea eskatuko du sistemak eta, gero, gorago aipatu den Bizum gakoaren lau zifrak sartu beharko dira. Ordaintzeko botoiari emandakoan, bertze urrats bat:

Mugikorrean SMS bat hartuko du erosleak, zenbaki-kode batekin, eta horixe sartu beharko du leihoan. Hori egin ondotik erosketa egina gelditzen da. Prozesua ongi burutu dela ziurtatzeko, ERRAN.EUSek bidalitako e-Posta mezu bat hartuko du erosleak. Hori bai, prozesuan ez dago komisio kobrantzarik ez eroslearentzat ez ERRAN.EUSentzat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun