Nafarroako Gobernuak kirola segurtasunez egitera animatu nahi ditu herritarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 9a, 13:00

Gaur bai kanpaina abiatu du Nafarroako Gobernuak. Ariketa fisikoaren bitartez nafarren ongizatea eta osasuna hobetzea du helburu komunikazio kanpaina honek.  Herritarrak kirola modu arduratsuan eta segurtasunez egitera animatu nahi dituzte.

Rebeka Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kirola eta Kultura kontseilariak eta Miguel Pozueta, Nafarroako Kirolaren zuzendari kudeatzaileak aurkeztu dute Gaur bai kanpaina. Esnaola kontseilariak adierazi duenez «kanpaina abirazi dugu ziur gaudelako kirolean jardutea eta ariketa fisikoa egitea garrantzitsuak direla Nafarroako gizartearen osasuna eta ongizatea sustatzeko». Azken hilabeteetan kirolaren garrantzia argi geratu dela gaineratu du.

Nafarroako Kirolaren Intstitutuarekin batera lanean aritu dira kirol eragileak ere. Hainbat topaketa eta lan-mahaitan parte hartu dute Nafarroako Kirolaren Institutuarekin. Esnaolak etengabe egiten ari diren lan bateratua nabarmendu du eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkie «kirol jarduera bermatzeko, instalazioak irekitzeko eta ekitaldiak antolatzeko ahaleginagatik, osasun segurtasuna bilatuz».

'Gaur bai' kanpaina inoiz kirola egin dutenek, edo egiteko asmoa dutenek bat egiteko modukoa dela nabarmendu du Pozueta Nafarroako Kirolaren zuzendari kudeatzaileak. Mezua indartzeko Gaur kirola, Gaur osasuna, Kirol segurua eta Kirol arduratsua esaldiak gehituko dizkiote Gaur bai leloari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun