Birusak baldintzatutako ikasturtea

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 3a, 10:30
Osinagak 30 bat urte daramatza Haur Hezkuntzan irakasle.

Osasun egoerak baldintzatuko du hastear den ikasturtea eta, birusaren bilakaeraren arabera, Hezkuntza Departamentuak egindako Kontingentzia Plana segituko dute ikastetxeek. Irakasle eta ikasleak «neurriak hartuz» bueltatuko dira geletara 

Berez zaila egiten den ikasturte hasiera are zailagoa izatea eragin du koronabirusak. Udako oporraldiaren ondotik, eskolara bueltatzean, aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko gogotsu izaten dira haur eta gazteak; lankideekin elkarlanean aritzeko ilusioz irakasleak. Aurten, ordea, hartu-eman horiek mugak izanen dituzte: Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasgelak egonkorrak izanen dira, gainerako ikasmailetan segurtasun tartea mantendu beharko dute eta musukoaren erabilera arautua egonen da.  

«Haurrekin alderdi guztiak ezin dira online landu»
Maria Eugenia Osinaga Apeztegia

Nafarroako Gobernuak Kontingentzia Planean zehaztutakoaren arabera, ikasle eta irakasleek ikasturtea aurrez aurreko eskolekin hasiko dute eta kasurik onenean bukaerara arte presentziala izanen da. Dena den, hori «aurreikusi ezina da» eta kutsatu kopuruak goiti eginen balu, egoeraren araberako neurriak hartu beharko lirateke. 

Klaseak hastear diren honetan, Doneztebeko San Miguel ikastetxean Haur Hezkuntzako irakaslea den Maria Eugenia Osinaga Apeztegiarengan (Doneztebe, 1963) eta Berako Toki Ona ikastetxean Batxilergoan dagoen Ninbe Urtxegi Urrarengan (Igantzi, 2003) ziurgabetasun egoera horrek eragindako «kezka» sumatzen da. 

Joan den ikasturtean, martxotik ekainera, telelanean aritu ziren denboran, egin behar izan zituzten aldaketez, horiek eragindako ondorioez eta ezohiko ikasturte hasiera honen atarian dituzten beldurrez aritu dira Ttipi-Ttaparekin. 

2020/21 ikasturterako plana

Nafarroako Gobernuak, 2020/2021 ikasturtea aurreikusteko ezintasuna tarteko, ikasturte hasierarako xehetasunak eman ditu: irailean eskola presentzialekin hasiko dira, urritik aitzinera lanaldi jarraitua izanen da (jantokia mantenduz) eta eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera uzteko deia egin dute. Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte ikasleek geletan maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izanen (bai, ordea, eremu komunetan). Horrekin batera, Gobernuak Kontingentzia Plana arautu du. Bertan, birusaren bilakaeraren arabera, lau egoera posible aurreikusi ditu, «langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko». 

Lehenbiziko egoera
Ikasle guztien irakaskuntza presentziala izanen da, garraio eta jangela zerbitzuak erabilgarri izanen dira. Haur eta Lehen Hezkuntzan talde egonkorrak zehaztuko dira eta 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da. Gainerako etapetan pertsonako 2,25 metroko azalera behar izanen da.

Bigarren egoera
Aurrez aurreko saioak eta jangela zerbitzua mantenduko dira. Egoera honetan, taldeetako ikasleak nahasten diren espezialitateak kenduko dira. 

Hirugarren egoera
Haur eta Lehen Hezkuntza irakaskuntza presentziala izanen da, gainerako mailetan online saioekin tartekatuko da. Espezialisten sarrera kenduko da. 

Laugarren egoera
Ikastetxeak itxi eginen dira eta online bidezko irakaskuntza eskainiko da, maila bakoitzera egokitua. 

Metodologia egokitu eta edukiak murriztu

Alarma egoerak «ezustean» harrapatu zituen Ninbe Urtxegi eta Maria Eugenia Osinaga. Urtxegik, hasieran, «bi asterako kontua izanen zela» uste zuenez, «lasai» hartu zuen kontua. Egunak joan eta egunak etorri, egoera luzatzen ari zela ikusita, ordea, «antolatu» eta «aitzinera egiteko» lanean hasi behar izan zuen. 

«Irakasleak ondoan ditugula lan egiteko ohitura dugu»
Ninbe Urtxegi Urra

Ikasle eta irakasleentzat, hasiera «gogorra» izan zen, «egun batetik bertzera metodologia egokitu» behar izan zutelako: «irakasleok dena programatuta eta kontrolpean izatera ohituta gaude eta bat- batean telelanean hasi behar izan genuen... Programazioa egokitu, baliabideak bilatu, komunikatzeko bideak eraiki, familiei baliabideak eta teknologia berriak erabiltzen lagundu...». 

Doneztebeko San Migel ikastetxean Haur Hezkuntzako irakasleek «matematika zein ahozkoa, irakurketa eta idazketa lantzeko jarduerak, ipuinak, abestiak, dantzak, eskulanak, errezetak... prestatuz» egin zuten aitzinera: «adin horretan heldu baten laguntza behar dute eta denak ordutegi berean aritzea ia ezinezkoa denez, ordutegi malgua utzi genuen. Eduki egokiak eta motibagarriak bilatu edota sortu eta Ikasnova plataforman zintzilikatu genituen». Bitartekari izan zituzten gurasoak: «seme-alabei eguneroko lanetan laguntzeko egin zuten esfortzua eskertzekoa da». 

Bide bertsutik jaso zituen Toki Ona ikastetxeko ikasleak bere ikasmailara egokitutako lanak: «batzuetan bideodei bidez eta bertzeetan egitekoak bidali eta bueltatuz aritu ginen». 

Urtxegiren arabera, pantailaren bidezko hartu-emanean, ikasleek «ulertzeko zailtasun handiagoa» izan zuten: «irakasleak aurrez aurre izan eta zalantzak momentuan argitzera, dena eskura ematera eta lanak laguntzarekin egitera ohituta gaude. Telelanean, berriz, gainean egotea zailagoa da... Hori sumatu genuen. Alde horretatik bideodei bidezko saioak eraginkorragoak direla uste dut, aurrez aurrekoen antza dutenez gero, baliagarriagoak iruditzen zaizkit».

«Eskolak eskura dituen neurri guztiak hartuko ditu»

Maria Eugenia Osinaga, irakaslea

Telelanean hasi ziren momentuan «klasean egiten genuena baino lan gehiago bidaltzen zigutelako» sentsazioa izan zuen igantziar gazteak. Baina neurria har zezaten eskatzearekin batera, irakasleek «ikuspuntua aldatu» eta «erritmoa moteldu» zutela argitu du: «orduz geroztik, aurrez aurre baino mantsoago lan egin genuen eta, ondorioz, edukiak murriztu behar izan zituzten». 

Elkarlanaren garrantzia 
Tarte horretan izandako «lasaitasunak» ate joka duten ikasturtera begira «kezka» eragiten dio ikasleari. Izan ere, «ikasturte honetan selektibitatea egin beharko dugu eta landu gabe gelditu zaizkigun edukiengatik behar dena emateko gai ez izatearen beldur naiz, ikasi beharrekoak ez baitzaizkigu klasean bezain barneratuak gelditu». 

Edukiak behar bezala lantzeko «aurrez aurreko saioak eraginkorragoak» direla uste du Urtxegik: «elkarlanean dena gusturago egiten da eta ikasteko gogo handiagoa izaten da».

Bigarren Batxilergoa eginen du aurten Ninbe Urtxegik.

Aurrez aurreko irakaskuntzaren «alderdi ordezkaezinak»

Haur Hezkuntzan, berriz, «eduki garrantzitsuenak» landu dituztenez, horrek ez du  Osinaga kezkatzen. «Behar bereziak edo ahozkoan gabeziak dituzten ikasleak» dira buruan dituenak: «batzuek euskararekin duten harreman bakarra eskolan izaten dute...». 

Gehiago ere bada. Haur Hezkuntzan, aurrez aurreko irakaskuntzak «ordezkaezinak diren alderdiak» dituela uste du doneztebarrak: «harremanak, jolasak, alderdi afektibo- emozionala, sozializazioa, ahozkoa, autonomia, errutinak, ohiturak... Telelanean modu berean behintzat landu ez direnak». 

Gainera, telelanak: «ikasleen arteko aldea areagotzen duela» iruditzen zaio, «familia guztien aukerak eta baliabideak ez direlako berberak». Zentzu horretan, Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleentzat telelanak «ez du abantailarik» Osinagaren ustez: «aurrez aurrekoa aberasgarriagoa da».

Ikasturte hasieran ziurgabetasun handia
Irakasleak bueltatzeko gogoz baina, aldi berean, «urduri» daude: «udan gertatutakoa ikusita, pandemiaren bilakaeraren eta ondorioen beldur naiz. Horrez gain, osasun errealitatera egokitu beharko dugu eta hurrengo ikasturtea nolakoa izanen den ez jakiteak kezkatzen nau». 

«Landu gabeko edukien falta sumatzearen beldur naiz»
Ninbe Urtxegi, ikaslea

Osasuna eta segurtasuna bermatzeko, «espazioak, pertsonen joan-etorriak, ikasgelak, talde egonkorrak, distantziak, atsedenaldiak, komunen erabilera, garbiketa eta desinfekzioa, garraioa, jantokia... egokituz» ariko dira, «eskura dauden neurri guztiak hartuz». Zenbaitetan, ordea, hori ez da horren erraza: «hiru eta sei urte bitarteko haurrak jolasaren bidez harremantzen dira eta kontaktu fisiko hori saihestea ezinezkoa izanen da». 

Bigarren Hezkuntzan distantziak eta neurriak betetzea errazago gertatuagatik, ikas- prozesuan bertzelako zailtasunak izanen dituztela argitu du Urtxegik. Aitzineko ikasturtean, erraterako, «galduta» ibili zirela iruditu zitzaion Batxilerreko ikasleari. Eta berriz ere etxera bueltatu behar izatekotan, ikasleek «baliabide teknologikoen gaineko laguntza eta azalpenak» jaso beharko lituzketela adierazi du: «erabili beharreko programak ezagutzea zaila izan delako».

Heldu denari aitzin egiteko prest

Edozein modutan, lehenbiziko pausoak emanak izateak bidea erraztuko lukeela iruditzen zaio:  «hasieratik antolatuago ariko gara». Horrek, ordea, zorrotzago jokatzeko arriskua dakar: «aitzineko ikasturtean egoera ezezaguna izan zen guztientzat eta horregatik ez dute bertze urteetan bezainbertze eskatu...».

Aurrez aurre hastea erabaki duten arren, «ziurgabetasun handia» dagoenez gero, heldu denari aitzin egiteko prestatzen ari dira guztiak. Kasu okerrenean, telelanera bueltatu beharrak ez lituzke irakasleak ezustean harrapatuko «ezagutza digitala garatzeko aukera» izan dutelako. Kasurik okerrenean ere, telelanera itzuli behar izanez gero, alde onenari begiratzeko gonbidapena luzatu dio doneztebar irakasleak hezkuntza komunitate osoari: «egoera gogorrenek ere ikasbideak uzten dituela erakutsi digu bizitzak eta indartsu bueltatuko gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun