Hegoaldean positibo ematen duten haurren gurasoek bakarrik izanen dute gaixo-agiria eskatzeko baimena

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 18:00
Iparraldean, nahiz eta negatibo eman, haurrak konfinatuz gero gurasoek gaixo-agiria jasoko dute.

Frantziako Gobernuak ikasgela edo ikastetxe bat itxi behar izanez gero, gurasoek haurren hezkuntzaz arduratzeko gaixo-agiria jasoko dutela adierazi du. Espainiako Gobernuak, berriz, baztertu egin du koronabirusean negatibo ematen duten haurren gurasoei agiri hori ematea.

Gurasoentzako gaixo-agiriak eskuratzeko baimenak ez dira modu berean kudeatuko Hegoaldean eta Iparraldean. Izan ere, Espainiako Gobernuak bakartuta dauden baina negatibo eman duten haurren gurasoei agiria ematea baztertu du. Joan den astean Isabel Zelaa Gobernuko Hezkuntza ministroak, itxialdia egin behar duten gurasoentzat aukerak aztertzen ari zirela aipatu arren, Maria Jesus Monterok atzo errandakoaren arabera, gurasoek gaixo-agiria haurrek positibo ematean bakarrik eskuratu ahal izanen dute.

Iparraldean, berriz, haurrak konfinatuz gero ikasgela horretako gurasoei gaixo-agiria eginen dietela aipatu dute, nahiz eta haurrak negatibo eman. Kasu horretan gurasoek arduratu beharko dute ikaslearen hezkuntzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun