Hezkuntza langileei PCR probak egiteko plan bat adostu dute Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 31a, 12:45
Egoera larriena den tokietan ikasleei ere probak egitea aztertzen ari dira.

Irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileei testak eginen dizkiete. Xehetasunak laster emanen dituztela iragarri dute

Ikasturtea hastear den honetan, Nafarroako Gobernua protokoloak zehazten eta neurriak hartzen ari da. Berria egunkariak aditzera eman dutenez, Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileei testak eginen dizkiete. Gaineratu dutenez, «osasun egoera zaurgarriena» dutenetatik hasiko dira.

Birusaren kutsatze kopuruaren arabera, eremuka eginen dituzte probak eta egoera larriena den tokietan ikasleei ere probak egitea aztertzen ari direla adierazi dute. Oraindik plana zehazteke dagoen arren, xehetasunak laster emanen dituztela iragarri dute.

Elkarretaratzea asteazkenean

Ikasturtea hastear den honetan, hezkuntza komunitateak «ezjakintasuna» eta «informazio falta» salatu du. Horren aitzinean, plan bat diseinatzeko deia egin diote Hezkuntza Sailari.

Egoera salatzeko hainbat ekimen eginen dituzte: sinadura bilketa bat abiatu dute eta asteazkenean elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Jauregiaren aurrean, 19:00etan. Deialdiarekin bat egin dute hainbat sindikatuk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun