Larunbateko partida galduagatik, Uterga eta Otano Nafarroako erremonte torneoan lehenbiziko postuan daude

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 31a, 11:30
Uterga eta Otanok Zeberio II.a eta Garcesen aurka galdu zuten arren, sailkapenean lehenbiziko postuan segitzen dute.

Aldabe eta Ion nagusitu ziren ortziralean Ezkurra II.aren eta Barricarten kontra; larunbatean, berriz, Zerberio II.ak eta Garcesek irabazi zuten Uterga eta Otanoren aurkako partida

Joan den ortzirale eta larunbatean jokatu ziren XV. Nafarroako Erremonte Torneoko final-laurdenak. Agoitzen jokatutako partidetan izan ziren, bertzeak bertze, Ezkurra II.a eta Uterga doneztebarrak.

Ortziralean Aldabe eta Ion garaile

Erremonte fundazioak eta eRemonte Beti Euskal Jai enpresek antolatutako jaialdiaren barne, ortziralean Aldabe eta Ion eta Ezkurra II.a eta Barricarten kontrako partida jokatu zen. Aldabe eta Ionek final-laurdenetako bigarren garaipena eskuratu zuten, Ezkurra II.a eta Barricarten kontra 35-30 irabazita. Aitzinetik, Uterga eta Larretxea Zeberio II.a eta Agirrezabalagaren kontra lehiatu ziren eta 35-32 gailendu zitzaizkien.

Partida berdindua izan zen, markagailua zortzina izan artean. Momentu horretatik aitzinera, Ezkurra II.ak eta Barricartek aitzin hartzea lortu zuten eta 8-12 aitzineratu zitzaizkien. Aldabe eta Ionek partida berdintzearekin batera (13-13) gidaritza hartu eta partida irabazi zuten (16-13, 20-15, 23-20, 26-23, 29-27, 31-30 eta 35-30). Partidan Ion Etxeberriaren lan bikaina ageriko gelditu zen; eta Josetxo Ezkurrak eskumuturreko lesioak ere bere alde egin zuen.

Zeberio II.ak eta Garcesek postu bat aitzinera

Jaialdiak larunbatean izan zuen segida. Zerberio II.a eta Garces Uterga eta Otanoren kontrako aritu ziren. Uterga eta Otanok, faborito nagusiak ziren arren, ez zuten irabazterik izan.

Hasieran, 1-3, 2-8, 9-14, 12-2o aitzinetik joan ziren Uterga eta Otano. Zeberio II.ak eta Garcesek, gogor borrokatuta buelta ematea lortu zuten. Garcesek kolpeari indarra gehitu zion, eta Zeberio II.a ere partidan sartu zen, ikuskizun ederra eskainiz.

Uterga eta Otanok, irabaztea lortu ez bazuten ere, 31 tanto egin zituzten eta horri esker, sailkapen nagusian puntu bat eskuratu zuten. Irabazle segitzen dute, baina alde txikiagoarekin: bederatzi puntu dituzte beraiek eta zortzi Aldabek eta Ionek. Hirugarren postuan daude Ezkurra II.a eta Barricart (partida bat gutxiago jokatuta), laugarrenean Zeberio II.a eta Garces eta azkenekoak Matxin III.a eta Azpiroz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun