Oier Larretxeak mailaz igotzea lortu du

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 31a, 09:30

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean bigarren egin du Larretxea beratarrak eta hirugarren Endika Goia beratarrak. Nafarroako ingude txapelketetan, berriz, Maika Ariztegi iturendarra eta Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan dira. Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Joan den larunbatean hainbat herri kirol saio jokatu zituzten Berako Eztegara pilotalekuan, eta horietako batzuk erabakiorrak izan ziren.

Alde batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zuten. Hiru aizkolari aritu ziren lanean: Ibai Soroa (Arribe), Oier Larretxea (Bera) eta Endika Goia (Bera). Soroa izan zen guztietan bizkorrena, 45 ontzako bi enbor eta bi kanaerdiko mozteko 09.04.47ko denbora behar izan baitzuen. Bere gibeletik Larretxea sailkatu zen (17.00.28) eta hirugarren Goia (21.18.15). Hala, finalean lehenbiziko bi postuetan sailkatzeagatik, Soroa eta Larretxea mailaz igoko dira.

Bertzetik, Nafarroako ingude altxatze txapelketak jokatu zituzten. Emakumezkoetan bigarren egin zuen Maika Ariztegi iturendarrak eta gizonezkoetan postu bera erdietsi zuen Josetxo Urrutia leitzarrak. Emakumezkoak bederatzi kiloko ingudearekin eta gizonezkoak 18koarekin aritu ziren eta bi kasuetan minutu eta erdiko denbora izan zuten ahalik eta altxaldi gehien egiteko.

Emakumezkoen sailkapena

  1. Virginia Finol (Iruñea): 97 altxaldi
  2. Maika Ariztegi(Ituren): 94 altxaldi
  3. Irune Biurrun (Antsoain): 82 altxaldi
  4. Jenny Serrano (Iruña): 81 altxaldi
  5. Anjela Zuñiga:  76 altxaldi

Gizonezkoen sailkapena

  1. Iosu Marturet (Antsoain): 87 altxaldi
  2. Josetxo Urrutia (Leitza): 84 altxaldi
  3. Alex Fernandez (Iruña): 78 altxaldi
  4. Imanol Martin (Berriozar): 75 altxaldi
  5. Angel Albarran (Guadalajara): 69 altxaldi

Jaialdia borobiltzeko Nerea Sorondo beratarrak eta Itxaso Onsalo aresoarrak aizkora erakustaldia egin zuten 45 ontzakoa eta kanaerdikoa moztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun