Zeberio II.ak eta Garcesek Uterga eta Otanoren aurka jokatuko dute larunbateko kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 08:30
Uterga eta Otano Zeberio II.a eta Garcesen aurka ariko dira.

Nafarroako Erremonte Torneoaren XV. edizioko final-laurdenak jokatzekoak dituzte ortzirale eta larunbat honetan Agoitzen. Hirugarren kanporaketa hau Zeberio II.a eta Garces eta Uterga eta Otanoren arteko norgehiagokarekin itxiko dute.

Aldabe eta Ionek, bikote osatuta, Ezkurra II.a eta Barricarten aurkako partida jokatuko dute gaur Agoitzen 22:00etan abiatuko den hirugarren kanporaketan. Aitzinetik, Zeberio II.a eta Agirrezabala Uterga eta Larretxearen kontra ariko dira.

Final-laurdenek bihar izanen dute segida. Larunbatean, abuztuaren 29an, toki eta ordu berean, Aldabe eta Barricart Jabalera eta Azpirozen kontra lehiatuko dira. Bertako erremontelari den Barricartek, Aldabek lagunduta, jokatuko duen partida gaueko giroa animatzeko pizgarri izanen da.

Ondotik, final-laurdenetako bigarren kanporaketa izanen da ikusgai. Uterga eta Otano Zeberio II.a eta Garcesen kontra ariko dira. Gidaritza daramaten Uterga eta Otanoren aldeko jarrera agerikoa den arren, partidak ikusmira handia piztuko du. Zeberiok eta Garcesek, ligaxkan segitu ahal izateko eta aukerak izan ditzaten, garaipena ezinbertzekoa dute. Izan ere, Lekunberrin jokatutako partidan Aldabe eta Ionen aurka galdu egin zuten. Zeberiok, e-Remonte enpresan hasi duen ibilbidean, adierazi duen ilusioa ikusirik, torneoko nagusiei gauzak zailduko dizkie eta, horretarako, Garcesen laguntza beharko du. Garcesek, bere aldetik, ederki erakutsia du atzelari gisa eman dezakeena. Laguntza handia izan daiteke bere bikotearendako.

Torneoan jokaturiko gainerako jaialdiekin bezala, honekin ere Adano elkartea (Minbizia jasaten duten Haurren Aldeko Nafarroako Elkartea) lagunduko dute. Bertzalde, antolatzaileek adierazi dutenez, frontoian sartzeko maskara janztea derrigorrezkoa izanen da, ikusleek segurtasun distantziak mantendu beharko dituzte eta sarreran ikusleen datuak bilduko dituzte (beharrezkoa izanez gero, telefonoz eurekin harremanetan jartzeko modua izan dezaten).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun