Kontrolatu gabeko transmisio bat dagoenean bakarrik itxiko dute ikastetxea

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 27a, 19:00

Ikastetxe batean koronabirus-agerraldi bat dagoela kontsideratzeko kiru kutsatze edo gehiago agertu beharko dute eta, "kontrolatu gabeko transmisio bat dagoenean" bakarrik itxiko dute ikastetxe bat. Halaxe erabaki dute gaur Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoek.

Ikastetxeetan koronabirus kasuak agertzen diren egoerak «arras aldakorrak» izan daitezkeela onartu dute. Horrela bada, lau egoera aurreikusi dituzte.

Lehenbiziko egoera

Hiru kutsatu edo gehiago talde edo klase bakar batean. Kasu horretan neurri hauek hartuko dira:

  • Kutsatuak etxean isolatzea.
  • Taldeko kontaktuen edo gelako kontaktu estuen identifikazioa eta berrogeialdia.
  • Kasuak talde batekoak direnean, irakaskuntza-jarduera etetea, kontaktuen berrogeialdia hasi eta 14 egun igaro arte.
  • Kasuak bizikidetza-talde gisa antolatuta ez dagoen ikasgela batekoak badira, harreman estuak ez dituzten ikasleentzat irakaskuntza-jarduerari eustea.
  • Irakaskuntza-jarduerak normaltasunez segituko du etapa guztietan prebentzio eta higiene-neurriak zorroztuz, eragindako taldea izan ezik.
 

Bigarren egoera

Agerraldiak hainbat gelatan lotura epidemiologikorik gabe: hiru kasu edo gehiago bizikidetza egonkorreko taldean edo haien arteko lotura epidemiologikorik gabeko klaseak. Horrelako egoera batean egonez gero:

  • Kasuak etxean isolatzea.
  • Bizikidetza-talde bakoitzeko kontaktuen edo talde bakoitzeko kontaktu estuen identifikazioa eta berrogeialdia.
  • Kasuak bizikidetza-talde batekoak badira, irakaskuntza-jarduera etetea berrogeialdia hasi eta 14 egun igaro arte.
  • Kasuak bizikidetza-talde gisa antolatuta ez dagoen ikasgela batekoak badira, irakaskuntza-jarduerari eustea gela bakoitzean harreman estu gisa sailkatuta ez dauden ikasleentzat.
  • Irakaskuntza-jarduerak normaltasunez segituko du hezkuntza-etapa guztietan prebentzio- eta higiene-neurriak zorroztuz, eragindako taldeetan izan ezik.
 

Hirugarren egoera

Agerraldiak lotura epidemiologikoa duten hainbat ikasgelatan: kasuak detektatuz gero hainbat bizikidetza-taldetan edota taldeen artean nolabaiteko transmisioa duten klaseetan, birusa ikastetxean nola sartu den kontuan hartu gabe. Horrelako egoera batean egonez gero:

  • Kutsatuak etxean isolatzea.
  • Kontaktuen identifikazioa eta berrogeialdia.
  • Lotura epidemiologikoa dagoela frogatzen bada eta prebentzio- eta higiene-neurriei eutsi ezin izan bazaie, neurri gehigarriak hartzea baloratuko da, hala nola berrogeialdia luzatzea eta bertze talde batzuen irakaskuntza-jarduera etetea berrogeialdia hasi eta 14 egun igaro arte. Jarduketak etapa osoak ixtea ekar dezake.
  • Irakaskuntza-jarduerak normaltasunez segituko du hezkuntza-etapetan prebentzio- eta higiene-neurriak zorroztuz, eragindako taldeetan izan ezik.

Laugarren egoera

Agerraldiak kontrolatu gabeko transmisio baten testuinguruan: Osasunbideko zerbitzuek arrisku-ebaluazio bat eginen dute neurriak eskalatzeko beharra kontuan hartzeko, eta, azken buruan, zentroaren aldi baterako itxiera baloratuko dute.
 
Hasiera batean, 14 egunez itxi beharko dute ikastetxea, baina baliteke epe horren iraupena aldatzea. «Egoera kontrolpean dagoenean eta hezkuntza-komunitatearentzat arriskurik ez dakarrenean irekiko da berriro ikastetxea», gaineratu dute.
 


 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun