Ikasturte hasieran, seme-alaba bakoitzeko 235 euroko gastua aurreikusten du Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 25a, 08:30

Irache Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, seme-alaba bakoitzeko, batez bertze, 235 euro gastatuko dituzte gurasoek ikasturte hasiera honetan. Aurreko ikasturteko gastuarekin alderatuta, % 30 inguru murriztuko da gastua aurten. Halaxe ageri da Irachek berriki egin duen inkesta batean. Eta murrizketa hori pixka bat handiagoa ere izan daiteke momentu honetan bizi dugun ziurgabetasun-egoeragatik.

Ziurgabetasun-egoera honek, dirudienez, eragina izan dezake familiek ikasturtea hasteko egiten duten gastuan. Inkestako datuen arabera, gastua bertze urtetan baino ttikiagoa izanen da aurten, 235 euro inguru seme-alaba bakoitzeko. Nolanahi ere, erosketak neurrian egitera aholkatu du Irachek, benetako beharrei erantzuteko, eta gogorarazi du «erosketa horiek gure seme-alabak kontsumo arduratsuan hezteko bertze modu bat» direla.

Batzuk 100 euro baino gutiago eta bertze batzuk 600 euro baino gehiago

Gastuaren estimazioa orientagarria baino ez da, etxe bakoitzak hartzen dituen erabakien araberakoa baita. CIES-ek egindako inkesta baten arabera, seme-alabak dituzten familien % 69k 100 eta 400 euro artean gastatuko lituzkete ikasturte hasiera honetan. Hala ere, % 17k 100 euro baino gutiago gastatuko lituzke; % 7k 400 eta 600 euro artean; eta % 5ek 600 euro baino gehiago.
 

Arropa. Arropen prezioak aldatu egiten dira adinaren eta neurriaren arabera. Nolanahi ere, arraroa litzateke jaka, polo eta galtza batzuk 70 euro baino gutiago balio izatea, eta horri oinetakoak gehitu beharko litzaizkioke. Kirol-arropa ere erosi behar izanez gero, prezio horiek guztiak izugarri handituko dira; izan ere, lasai-lasai, bertze hirurogeita hamar euro ere joan daitezke, zapatilak kontuan hartu gabe.

Liburuak. Printzipioz, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek testuliburuen doakotasun-programetara jo dezakete.

Nolanahi ere, programa horri uko egiten dioten gurasoentzat, testuliburuen gutti gorabeherako kostua 85 eta 115 euro artekoa izanen da haur-hezkuntzako ikasle batentzat. Ikaslea Lehen Hezkuntzan baldin badago, 120 eta 215 euro arteko gastua joanen da liburuetan, eta DBHko ikasturte batean egonez gero, kostua 150 eta 250 euro artekoa izanen da. Batxilergoan ez da 260tik jautsiko. Logikoa denez, kopuru hori aldatu egin daiteke irakasleek eta argitaletxeek eskatutako liburu-kopuruaren arabera. Ikastetxe batzuek beren burua eskaintzen dute liburu horien erosketa kudeatzeko.
 

Eskola-materiala. Gainerako eskola-materialari dagokionez, prezioetan alde nabarmenak daude produktu, marka eta aukeratutako establezimenduaren arabera. Izan ere, egiaztatu ahal izan da, konparaziora, 9 eurotik 65 eurora bitarteko motxilak daudela. Bertze artikulu batzuetan ere alde nabarmenak daude. Oro har, estutxe, boligrafo, arkatz eta pinturen gastua 28 eurotik gorakoa izan daiteke. Koadernoak, folioak eta karpetak ere gehitu behar dira. Guztira, kostu hori 90 eurokoa izan daiteke lasai aski; izan ere, osagarri dezente behar izaten baitira eta, berez ordainketa handia izan ez arren, guztizko baturan kostua igo egiten da. Gainera, zenbait tresna tekniko erosi behar badira (marrazketa-konpasak, kalkulagailu zientifikoa), zenbatekoa ere nabarmen igoko da.

AHOLKUAK

  • Lehenik, seme-alabek behar duten guztiaren zerrenda prestatu.
  • Etxean lehendik dauden materialak eta haien egoera kontuan hartu. Bi datu horiekin egin dezakegu aurten benetan erosi behar dugunaren zerrenda.
  • Prezio merkeak aurkitzeko, begiratu establezimendu batean baino gehiagotan eta alderatu prezioak.
  • Marken gainetik, baloratu produktuen prestazioak eta kalitatea.
  • Adingabeen artean modan dauden produktuen markak eta pertsonaiak nabarmen garestitzen dute erosketa. Gure seme-alabak bertze balore batzuekin hezteko aukera bat dira ikasturte hasierako erosketak.
  • Saltoki batzuetan deskontuak eta sustapenak eskaintzen dituzte. Lasaitasunez baloratu, kontsultatu arretaz baldintzak eta balio-datak, eta horiek denak produktuen kalitatearekin alderatu erosketa egin baino lehen.
  • Aukeratutako arropa haurraren neurrikoa dela egiaztatu erosi baino lehen.
  • Ikastaroa hasteko behar beharrezkoa dena erosi soilik. Gainerakoan, gerorako utzi hilabete batzuk igaro arte beharrezkoa ez den materialaren erosketa.
  • Eskatu faktura banakatuak eta gorde erositako guztiaren fakturak, gero erreklamazioren bat egin behar bada ere.
  • Eskatu informazioa administrazio publikoek eman ditzaketen laguntzei edo bekei buruz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun