Malerrekako eta Bortzirietako 'ez bestetan' 29 isun paratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 19a, 09:00
Beran egindako kontrolean iturendar batek alkoholemia-proban positibo eman zuen.

Diario de Noticiasek jakitera eman duenez, Elizondoko komisaldegiko foruzainek 29 arau-hauste larri eta hagitz larri salatu dituzte asteburuan, Malerreka eta Bortziriak eskualdeetako 'ez bestak' zirela-eta egindako kontroletan.

Elizondoko komisaldegiko foruzainek asteburuan Malerreka eta Bortziriak eskualdetan izan diren 'ez besten' harira, zenbait kontrol egin dituzte Beran, Etxalarren eta Sunbillan (N121A errepidean, Iruñea eta Behobia artean).

Hondarreko asteburuan egindako kontroletan 29 lagun salatu dituzte. Diario de Noticiasek aditzera eman duenez, geldiarazitako hamar ibilgailutan substantzia estupefazienteak atzeman zituzten (nagusiki kalamua eta haxixa) eta gidariek, legearen arabera, arau urratze larri horren ondorioz, 601 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Bertze bortz pertsonen kasuan, drogen probetan positibo eman zuten eta arau hauste larri horren ondorioz, 1.000 euroko isuna paratu eta gidabaimeneko sei puntu kendu zizkieten.

Alkoholemia-proban positibo emateagatik bortz lagun salatu zituzten. Etxalarren, erraterako, gipuzkoar batek positibo emateaz gainera, justifikaziorik gabe, eskopeta bat zeraman. Sunbillan Granadako gidari bat salatu zuten, 0,63 mgr/l eman ondotik eta Beran 0,78 mgr/l eman zuen Iturengo herritar bat.

Gainerako arau hausteak segurtasun-uhala ez paratzeagatik (4), aurikularrak paratuta gidatzeagatik (1), asegururik ez izateagatik (1) eta epai ondoko berreziketa kurtsoa ez egiteagatik (1) izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun