Eskualdeko lau aizkolari sailkatu dira Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finalera

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 18a, 07:30

Julen Olano (Leitza), Jesus Etxeberria (Beintza-Labaien), Asier Pellejero (Areso) eta Jon Telletxea (Beintza-Labaien)  dira finalerako txartela eskuratu duten bortz aizkolarietatik lau. Txomin Amundarain (Arribe) izanen da bosgarren lehiakidea.

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen igandean Arantzan. Hamar aizkolari aritu ziren lehian eta bakoitzak bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zituen.

Guztietan bizkorrena Julen Olano leitzarra izan zen (07.40.40). Bigarren Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria sailkatu zen (07.55.69); hirugarren Txomin Amundarain (08.01.56); laugarren Asier Pellejero aresoarra (08.33.32) eta bosgarren Beintza-Labaiengo Jon Telletxea (08.43.73). Horiek izanen dira finalean ariko diren bortz aizkolariak. Nafarroako Herri Kirol Federaziotik adierazi dutenez, «finala non eta noiz jokatuko den zehaztu gabea» dute.

Emilio Gartzia segoviarra seigarren gelditu zen (09.19.47) eta bere gibeletik, Mikel Indakotxea zubietarra izan zen lanak bukatzen bizkorrena (10.21.20). Zortzigarren postua Miguel Angel Etxeberriarentzat izan zen. Beintza-Labaiengoak 10.25.45eko denbora egin zuen. Bere herritarra den Jacinto Etxekonaneak, berriz, 11.38ko denboran bukatu zituen lanak eta Uharte Arakilgo Iker Gorritik 13.06.88ko denbora egin zuen. Hain zuzen, Gorritik, kanporaketak azkena sailkatutako aizkolaria izateagatik, maila galduko du. Etxekonaneak, berriz, mailari eutsi nahi badio Patxi Mindegiaren aurkako jaitsiera kanporaketa eskatu beharko du federazioan ondoko hamabortz egunetan. Kanporaketan Mindegiak parte hartzekoa zuen baina ezin izan zuen. Medikuaren agiria aurkeztu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun