Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerako txartela eskuratu du Doneztebek

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 17a, 16:00

Lizarrari irabazita lortu du finalera sailkatzea. Finala larunbatean jokatuko dute Labriten, finalerdietan Baztanen aurka nagusitu den Iruñearen kontra.

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako bi finalerdiak asteburuan jokatu ziren. Lehenbizikoa Iruñeak eta Baztanek egin zuten eta jokoan zeuden lau partidak irabazita, Iruñeak lortu zuen aitzinera egitea. Kimuen mailan, Lasok eta Olzak (Iruñea) 7-18 irabazi zieten Iribarreni eta Elizaintzini (Baztan). Haurren kategorian, Sarasibarrek eta Sanchezek (Iruñea) aukera haundirik gabe utzi zituzten Iturralde eta Apeztegia (Baztan), 3-18 irabazi baitzieten. Gazteetan, berriz, partida orekatua egin zuten Laso-Igoak (Iruñea) eta Etxebere-Ballarenak (Baztan). Azkenean, ordea, Iruñekoak nagusitu ziren, 18-22. Finalerako txartela erabakita zela jokatu zuten laugarren eta azken partida. Seniorretan Mata-Irurita (Iruñea) bikoteak sei tantotan utzi zuen Ariztegi-Oskoz (Baztan) bikotea.   

Bigarren finalerdia, berriz, Doneztebek eta Lizarrak jokatu zuten. Bina partida irabazi zituzten baina, tantoak kontuan hartuta Malerrekakoak gehiago izan ziren. Kimuen mailako partida Fernandezek eta Sainzek (Lizarra) irabazi zuten, 11-18 nagusitu ziren Jimenezen eta Salaberriaren aurka (Doneztebe). Haurretan, Apezetxeak eta Garañok (Doneztebe) hutsean utzi zituzten Gartzia eta Sainz (Lizarra). Gazteen mailako partida orekatuagoa izan zen: Berruetek eta Pierolak (Lizarra) 20-22 irabazi zieten Telletxeari eta Loiarteri (Doneztebe). Seniorren mailako azken partida erabakiorra izan zen. Baina Doneztebeko pilotariak, Barandiaran eta Gorriti, hasieratik nagusitu ziren eta 22-12 irabazi zieten Aznarezi eta Lanari.

Gisa honetara, bosgarren urtez segidan Nafarroako Herriarteko finala jokatuko du Doneztebek larunbat honetan. Are gehiago, Iruñearen aurka finala jokatuko duen bosgarren aldia izanen du.

Txapelketa berezia

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa berezia izan da aurten. Zazpi herrik eman dute izena 51. edizio honetan: iaz txapeldun izan zen Doneztebe, Baztan eta Leitza izan dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea aritu dira. Ez da ligaxkarik izan, kanporaketak baizik, Covid-19aren eraginez, ahalik eta agudoen egin nahi baitu Nafarroako Pilota Federazioak. Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietara sailkatu zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun