Plazandreak-Laboral Kutxa Udako Torneoko finalerako lehen txartela jokoa Irunen

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 13a, 09:00
Irantzu Etxebeste beratarraren taldeak lehen postuan bukatu zuen ligaxka.

Sei astetako ligaxkaren ondoren, Plazandreak-Laboral Kutxa Udako Torneoa sartu da bere une erabakigarrienean eta abuztuaren 27an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den final handirako lehen txartela izanen dute jokoan gaur Irunen (20:00etan) Reyes Azkoitiaren eta Erlantz Garciaren taldeek.

Txapelketaren lehen fasean ikusitakoaren arabera, Olatz Arrizabalaga (Gernika), Irantzu Etxebeste (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatutako Reyes Azkoitiaren taldea izan daiteke faboritoa, ligaxka lehen postuan bukatu zuen eta. Olatz Arrizabalaga sekulako maila ematen ari da buruz buruko partidetan eta gernikarraren puntuek asko balio dute horrelako txapelketa batean.

Andrea Aldaregia (Latasa), Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate) eta Naroa Agirrek (Zestoa) ezin izan zuten garaipenik lortu lehen fasean, baina Erlantz Garciaren taldeak ere baditu edonori irabazteko pilotariak. Agian Olatz Ruiz de Larramendiri kosta egin zaio orain arte jokoan sartzea, baina atzelari nafarrak bere eskuina askatzen badu ez dago gaur egun Eulatekoa dominatu dezakeenik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun