Okile, Poxkonea eta Uxaneko okupazio zentroak ere diruz lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 12a, 08:00
Berako Uxane da Aspacek Nafarroan kuadeatzen dituen bi okupazio zentroetako bat.

Eskubide Sozialetako Departamemtia 6,2 milioi euro inbertituko ditu Nafarroa osoko 21 zentroren funtzionamenduan

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bidez,  6,22 milioi euro inbertituko ditu aurten Nafarroako hainbat herritan dauden 21 okupazio-zentrotako zazpi entitate kudeatzaileen ia mila erabiltzaileren lanaurreko eta garapen pertsonal zein sozialeko jarduerak ordaintzeko. Zentro horien artean daude Elizondoko Poxkonea (Tasubinsa), Berako Uxane (Aspace) eta Leitzako udalaren mende dagoen Okile.

Zehazki, Inés Francés Nafarroako Pertsonen Garapen eta Autonomiaren Agentziako (ANDP) zuzendari-kudeatzaileak 2020rako hitzartutakoak sinatu ditu Tasubin SA, Elkarkide, Itaca SEPAP ocupacional, Okile, Ciganda Ferrer Fundazioa, FANE de Aspace eta Gure Sustraiak elkarteetako legezko ordezkariekin.

Nafarroako zentro okupazionalak erakunde edo fundazio horiek kudeatzen dituzte. Hauek lan- eta gizarte-prestakuntzako jardueren bidez, desgaitasun intelektuala edo nahasmendu mentala duten pertsonen garapena bultzatzen dute. Mila erabiltzaile ingururi arreta emateko, arlo desberdinetako 187 profesional enplegatzen dituzte: psikologia, teknikari eta mantentze-lanetako langileak eta begiraleak.

 

Tasubin SA erakundeak adimen-urritasuna duten 600 pertsona hartzen ditu hainbat adar profesionaletan, Nafarroan kudeatzen dituen hamaika zentro okupazionaletan: Beiriain, Burlata, Orkoien, Elizondo, Lakuntza, Iruñea (Ibaiondo), San Adrian, Zangoza, Tafalla, Tutera eta Villatuerta herrietan daudenak. Hezkuntza- eta lanbide-jarduerei erantzuteko 94 profesional lan egiten dute Nafarroako Gobernuak 2020an 3.430.985 eurorekin diruz laguntzen dituen hamaika zentroetan.

Bertzalde, Eskubide Sozialetako Departamentuak 2020an Enplegurako ASPACE Navarra Fundazioa (FANE) finantzatuko du, 377.563 eurorekin, bere bi egoitzetan: Berako Uxane zentroa, (25 plaza), eta Iruñeko ASPACE PRESS zentroa (21 plaza), 46 pertsonaren okupazioa eta enplegagarritasuna bultzatzeko. FANE erakundeak gauzatutako programek terapia okupazionalean (eskuzko eta sormenezko terapia, antzerkia) eta egokitzapen pertsonal eta sozialeko zereginetan (baliabide komunitarioak erabiltzen ikastea, lan-ohiturak), ongizate emozionalean eta erabiltzaileen estimulazio sentsitiboan eragiten dute. Bi zentroek profesionaletako baten lana partekatzen dute eta, oro har, 13 langileri ematen diete lana.

Laguntza-eremu horretako beste zentro batzuk ez bezala, Okile Zentro Okupazionala toki-erakunde baten mende dago, kasu honetan Leitzako Udalaren mende. Foru Gobernuaren ordezkariak eta Mikel Zabaleta alkateak sinatutako hitzarmenak Okileri 24.996 euroko diru-laguntza ordaintzeko konpromisoa hartu du, pertsona batek gainbegiratutako 9 pertsonari arreta emateko. Zentroak 1992. urteaz geroztik lan egiten du desgaitasuna duten pertsonak, batez ere intelektualak, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko.

Zehazki, jarduera hauek eskaintzen ditu: okupazio jarduerak, garapen pertsonalekoak eta erabiltzaileen enplegura sartzekoak, bai lan-merkatuan, bai enplegu-zentro berezietan. Besteak beste, paperez lanak (txartelak, gutun-azalak, papera, gonbidapenak eta abar) eta erdi-industriako garbitegiko lanak daude programaren jardueren artean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun