Donezteberekin batera, Baztan, Iruña eta Lizarra ariko dira Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerdietan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 10a, 19:00

Baztan eta Leitzaren arteko lehian, bina garaipen lortu zituzten larunbatean Iruritan, baina baztandarrek 12 tanto gehiago egin zituzten

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako lehenbiziko kanporaketak jokatu dira asteburu honetan. Ondorioz, joan den urtean txapeldun izateagatik, zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen Donezteberekin batera ariko dren bertze hiru herriak jakin dira. Eskualdekoei dagokienez, Baztan eta Leitzaren arteko lehian bina partida irabazi zituzten, baina tanto aldeari esker, baztandarrak sailkatu dira.

Larunbat arratsaldean Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatutako lehen bi partidan leitzarrak nagusitu ziren. Alebinetan 9-18 irabazi zieten Baleztena eta Telletxeak, Elizaintzin eta Iribarreni eta infantiletan, 14-18, Mateorenak eta Sagastibeltzak, Iturralde eta Bikondori. Beraz, jubenil mailan garaipena behar zuten nahitaez baztandarrek aitzinera egin ahal izateko eta Etxeberek eta Ballarenak 22-5 irabazi zieten Goikoetxea eta Zubiriri. Tannto alde handi horri esker, senior mailan, garaipena aski zuten baztandarrek eta halaxe egin zuten: Ariztegik eta Oskozek 22-14 irabazi zieten Txoperena eta Zabaletari. Azkenean, beraz, bina garaipen, baina 12 tanto gehiago egin zituzten baztandarrek

Lekunberrin jokatutako lehian, Iruñeak lau partidak irabazi zizkion Larrauni. Lehiarik estuena Lizarra eta Ultzamaren artekoa izan zen. Hemen ere bina garaipen lortu zuten, baina Lizarrakoek bi tanto gehiago egin zituzten.

Beraz, Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte asteburu honetan finalerdietako partidak. Larunbatean, 10:00etan Baztan eta Iruñea izanen dira aurrez aurre eta igandean, ordu berean, Doneztebe eta Lizarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun