Nafarroako haur eskoletan «normaltasun berriarekin» ekinen diote ikasturteari

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 6a, 10:06
Haur Eskoletan ikasturte hasierarako balizko lau egoera irudikatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Lau egoera posible irudikatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo bertze

Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko zentroen protokoloa aurkeztu du, datorren ikasturteari begira. Covid-19aren udako agerraldiek zalantzak piztu dituzte hastear den ikasturterako; horregatik, Osasun Departamentuak haur eskola eta familia guztiei helaraziko die aurkeztu berri duten protokoloa. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu du egoera berezi honetan ere «haurren eta hezitzaileen ateko lotura afektiboak mantentzea» izanen dela lehentasuna, eta neurri bereziak hartuko dituztela horri eutsi ahal izateko.

Hezkuntza Departamentuko batzorde teknikoak, Osasun Departamentuak eta hezkuntza arloko bertze hainbat profesionalek osatu dute protokoloa, eta, bertan, lau egoera posible jasotzen dira. Ikasturtea lehen jokalekuarekin hasiko da; hau da, «normalitate berrian». Elkarbizitzarako talde iraunkorrak ezarriko ditu zentro bakoitzak, eta eremu jakin batzuk zehaztuko dira talde bakoitzarentzat. Talde horren parte izanen dira haurrak, hezitzaileak, hezitzaile laguntzaileak eta, zentroak erabakiz gero, baita zuzendaria eta praktiketan dauden hezitzaileak ere. Asmoa da taldeen arteko kontaktua mugatzea, kutsatzeko arriskua mugatze aldera. Era berean, zentroaren barreneko mugimenduak saihestu beharko dira ahal den neurrian, eta sarrera-irteerak ere modu antolatuan eginen dira. Osasun kontseilariak aipatu duenez, egokitzapen egunak mantendu eginen dira, betiere segurtasun neurri guztiak errespetatuz, eta, ahal dela, beti pertsona bera izatea gomendatuko dute.

Elkarbizitzarako talde iraunkor bakoitzeko haur kopurua adinaren araberakoa izanen da. Urtebeterainoko taldeetan zortzi haur egon ahal izanen dira gehienez ere; urtebetetik bi urtera bitartekoetan, hamabi haur; eta bi urtetik hiru urtera bitarteko taldeetan, hamasei. Talde horietan adin desberdinetako haurrak batera badaude, kopuruak honako hauek izanen dira: urtebetera bitartekoetan, zortzi haur; urte bat eta bi urte bitartean dituzten haurren taldeetan, hamalau; eta adin guztietako haurrrak dauden taldeetan, hamar.

Nafarroako Osasun Departamentuaren esku egonen da egoera batetik bertzera igarotzea, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren araberakoa izanen da. Agerraldirik balego, bigarren fasera igaroko lirateke haur eskolak. Orduan, haurren laguntzaileak ezin izanen lukete gela barrenera sartu, egokitzapen aldian ez bada; eremu amankomunak mugatuko eginen lirateke; eta haurrek ezin izanen lukete jostailurik edo objekturik eraman etxetik. Egoera okertuko balitz, hirugarren egoera bat ere irudikatu du Hezkuntza Departamentuak. Jokaleku horretan, unitate berriak ezarriko lirateke, eta ratioak eta espazioak egokituko lirateke. Kasu horretan ere, laguntzaileek ezin izanen dute barrenera sartu. Laugarren egoera eta muturrekoena ezarriko balitz, haur eskolak itxi eginen lirateke.

Gimenok azaldu duenez, ezinbertzekoa izanen da ikasturtean zehar aztertzaileen lana. Osasun Departamentuak sarbidea izanen du hezkuntza sistemako datu guztietara, kontaktuen jarraipen xehea egin ahal izateko. Kasuren bat atzemanez gero, aztarnariek protokoloa aktibatuko dute zentroan, eta lantaldearen esku egonen da zehaztea neurriak talde orokarrari aplikatuko zaizkion edo zentro guztiari.

 

Jantokiak martxan izanen dira

Hezkuntza Departamentuak bertze zalantza bat ere argitu du prentsaurrekoan: jantoki zerbitzua martxan egonen da haur eskoletan. Ekainean, protokolo bat zehaztu zuen Nafarroako Gobernuak datorren ikasturteari begira, eta, orduan, erabaki zuen ez zela izanen jantokirik. Gobernuko arduradunekin bildu ondotik, eta parlamentuaren eta hainbat familiaren eskariei kasu eginez, jantokiak martxan izanen direla baieztatu du Gimenok. Lehen egoeran, haurrek jantokian jateko aukera izanen dute, txandak errespetatuz eta segurtasuna une oro bermatuz. Bigarren egoeran ere zentroan bertan jateko aukera bermatuko da, baina ez dago argi eremu berean izanen den edo bertze eremu bat ezarriko den; erraterako, ikasgelan bertan. Hirugarren egoeran ere ikasgelan bertan jatea aurreikusten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun