Pablo Agüeroren seigarren film luzea, Akelarre, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da 68. Donostia Zinemaldian; jaialdia 2020ko irailaren 18tik 26ra eginen da. Sail Ofizial batean lehiatuko da, Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileen azken lanekin batera. Akelarre drama historikoa da, eta ikuspuntu garaikide eta femeninoa du. Eskualdean ere grabatu zituzten zenbait irudi, Saran eta Lesakan, konparaziora.
Urriaren 2an estreinatuko dute Akelarre, Zinemaldian parte hartu eta egun gutxira, Avalon-ek filmak banatzen dituen zinema-aretoetan egonen da ikusgai.