Nafarroako Gobernuak milioi bat euro banatu du 69 ikastetxetan hobekuntzak egiteko

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 31a, 18:00
Doneztebeko San Migel eskolak (argazkian) eta Mendaur institutuak eskuratuko dute diru-laguntza.

Tartean daude Irurita, Goizueta, Areso, Legasa, Lesaka, Doneztebe eta Narbarteko eskolak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikastetxetan hobekuntza lanak egiteko 1.000.000,00 euroko aurrekontua duen dirulaguntzen ebazpena argitaratu du. Zehazki, 65 Udaletxe edo Kontzejuetako 69 ikastetxeetan eginen dira lanak. Guztiak, Haur Hezkuntzako 2. Zikloko edo Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eskoletan. Eskualdean, honako ikastetxe hauek jasoko dute diru-laguntza: Iruritako eskola, Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskola, Aresoko Nazabal eskola, Legasako eskola, Lesakako Irain eskola, Doneztebeko San Migel eskola eta Mendaur institutua eta Narbarteko Arotzenea eskola.

Hezkuntza Departamentuak pasa den abenduan argitaratutako deialdiaren helburua da ikastetxe publikoetan premiazko eta ezinbesteko esku-hartzea eskatzen duten obrak finantzatzea. Diruz lagundutako lanen artean honako hauek aurkitzen dira: berogailuaren edo elektrizitatearen instalakuntza eta iturgintza eta saneamenduko instalazioa, edo energia aurreztera eta energia-eraginkortasuna lortzera bideratutako jarduerak (estalkiak, fatxadak eta kanpoko arotzeria eta berogailu eta argiteriako instalazioak). Lan horiek 2020ko uztailaren 30a baino lehen hasi eta urte bereko urriaren 1erako amaitu beharko dira.

Diru-laguntzak ordaintzeko, ordainketa bakarra eginen da obrak akitzean edo ordainketa partzialak honako ezaugarri hauen arabera: %25 kontratistari ordaindutako obraren ziurtagiriak obren hasieran aurreikusitako aurrekontuaren %25etik gorakoak badira; %50 aurreikusitako aurrekontuaren %75a gainditzen badute eta gainerako %25a obrak amaitzean, aurrez justifikatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun