Iruñeko Berduarteko Nacho Gomara sukaldari-buruak moztu du denboraldiko lehen Idiazabal gazta

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 30a, 19:00

Aurkezpenean aipatu zutenez, izendapeneko 1.350 bat tona gazta ekoiztuko dira aurten ere, iazko kopuru berdintsua

José Mari Ustarroz, Idiazabal Gazta Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen lehendakaria, izan da Nafarroan Idiazabal Gaztaren 2019ko denboraldiari hasiera emateko uztailaren 29an Iruñeko Napardi elkartean egin den ekitaldiaren burua, hainbat erakunderen ordezkariak ere bertaratu direlarik, eta 2019ko kanpainan erregulartasunez aritu zirenentzako sariak aurkeztu dituzte. Iruñeko Berduarteko Nacho Gomara sukaldari-buruak moztu du aurtengo lehen gazta.

Gazta moztu ondotik, Jatorri Deiturako Dasta Batzordearen proba ofizialetan kalitatearen erregulartasunari 2019ko denboraldian emandako sariak aurkeztu zituzten. Artzain ekoizlearen mailan, Arabako Ilarduiako La Lezek jaso du eta gaztandegiaren mailan, Gipuzkoako Asteasuko Goinek.

Urtero ospatzen duten ekitaldiak aurten, pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan dute. 124 gaztandegi eta 385 abeltzainen ekoizpen lana aurkeztu dute, eta 2019. urtean lortu zen ekoizpen kopuru antzerakoa lortuko dela ere aipatu dute; hau da, 1.350 tona inguru.

Aurten, inoiz baino gehiago, ekitaldi hau ospatzeak Idiazabal Jatorri Deiturak ezarritako lan-ildoa sendotzen du. Lan-ildo hori gaztagile eta abeltzain guztien lan-ildo bera da, bertako ardiekin, gure ingurumenarekin eta tradizioekin konprometituta. Haren emaitza: latxa ardiaren ingurune naturalean egindako gazta, munduko gaztarik onenen parekoa, naturala eta jatorra, natura zoragarritik lortutako bitxi gastronomikoa, hain zuzen; antzina-antzinatik ingurumenera egokitutako ardi autoktonotik, ardi latxatik; tradizioa eta ezagutza bateratu duten gaztagile batzuen profesionaltasunetik, alegia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun