NPBren (PAC) eskubide historikoak desagertzearen aldeko apustua positiboki baloratu du EHNEk

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 30a, 20:00

NPBren hurrengo erreforma honetarako, «benetako nekazariaz» hitz egiten hastea egokia da EHNeren iritziz.

Egun hauetan PAC edo NPBaren finantziazioaren inguruan lehen akordio bat dagoela jakin du EHNE sindikatuak, urte anitzeko finantza-esparruari, edo, bertze modu batera erranda, datozen zazpi urteetan Europako nekazaritza eta abeltzaintza finantzatzeko zenbat diru erabiliko den. Egon daitezkeen murrizketen inguruko kritikak kontutan hartuz, 2023an ezarriko diren oinarriak, egitura  eta definizioa garrantzitsuak direla uste du EHNEk.

EHNE-Nafarroak positiboki baloratu du eskubide historikoak desagertzearen aldeko apustua. «Urte askotan zehar nekazari ugari Europako diru kopuru handia jasotzea ahalbideratu dute, nekazaritza-jarduerari dagokionez ia eskakizunik eskatu gabe, zuzeneko laguntzen onuradunaren definizio malgua dela eta», dio sindikatuak oharrean.

NPBren hurrengo erreforma honetarako, «benetako nekazariaz» hitz egiten hasi da, eta, hain zuzen ere, horren definizioa da funtsezko alderdietako bat, NPBtik datorren dirua benetan lehen sektorean ari eta bizi denarentzat izan dadin. «Ez ditugu gogoko –dio EHNEk– irudi horri ematen ari zaizkion lehen ñabardurak; izan ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA) nekaritzako diru-sarrera % 20-30 izatea nahiko izango dela esaten du, eta hori oso urria dela iruditzen zaigu». EHNE-Nafarroak «benetako nekazariaren» definizioa Nafarroako titulu nagusiko (ATP) nekazarira hurbildu behar dela defendatu du eta defendatzen jarraitzen du; izan ere, horrek gutxienez, diru-sarreren % 50ren jatorria nekazaritzaren jardueratik izatea du berekin, jarduera berean  kotizatuz.

Erretiratuen kopurua handia -NPBko onuraduren erdiak baino gehiago- NPBren inguruan dagoen eztabaida garrantzitsuenetako bat da. EHNEren ustez, «gure sektorean belaunaldi-errelebo bat egotea nahi badugu, nekazari eta abeltzain jubilatuak NPBari atxikitzen dioten lurra askatzea garrantzitsua da nekazari eta abeltzain horiei beste irtenbideak eskainiz, izan era, Europako diruarekin jubilazio txikiak igotzeko erabiltzen dituzte eta».

Bertzalde, EHNE-Nafarroaren iritziz, onuradun bakoitzari urtero ematen zaizkion laguntza zuzenen gehienezkoa, ausardiaz aurre egin beharreko bertze alderdi bat da. «Pertsona batek urtean 100.000 euroko laguntza jasotzea ezin da onartu, eta hori gehiegikeriatzat jotzen dugu. Eskubide historikoak desagertzeak egoera hori konponduko duen ez dakigu, askotan oinordetzan jasotzen baita, eta beste batzuetan, berriz, erreserbatik eskubideak gehiegi lagatzearen ondorioz». Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuak defendatzen duen jarrera, gehienez 60.000 euro jasotzea, askoz egokiagoa iruditzen zaio EHNEri, «familia nekazaritzaren ereduari lehentasuna eman eta birbanatutako ordainketa batekin batera».

Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzea izanen da, estatuen etorkizuneko plan estrategikoen diseinuan tarte handia utzita, hurrengo erreformaren etorkizuneko gudu-eremua, alderdi garrantzitsuekin, horien irismen errealaz eta praktikoaz gain, oraindik airean baitaude. «Biodibertsitatearen inguruko estrategiak adibidez, "abeltegitik Mahaira" izendatuta. Estrategia horiek Itun Berdea izenekoaren elementu nagusi gisa iragarri dira, eta Europako nekazaritza- eta abeltzaintza-ekosistema osatzen duten nekazarien eta abeltzainen anitztasuna begi bistatik ez galtzea espero dugu», aipatu du EHNEk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun