Ttipi-Ttapa aldizkariaren 80ko hamarkadako ehunka argazki Wikimedian

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 25a, 09:00

TTIPI-TTAPA aldizkariak bere hasierako urteetako 2.000 argazki digitalizatu eta argitaratuko ditu Wikimedian, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin eta Tokikomekin elkarlanean garatutako proiektuari esker. Zehazki, 1980 eta 1992 urteetako irudiak ikusi ahal izanen dira, deskribapen ttiki batekin.

Garai hartako pertsonaien, herritarren, tokien eta paisaien irudiak digitalizatzeko lanean dihardu TTIPI-TTAPA aldizkariak. 2.000 irudi bilduko dituen argazki-funtsa publikoa izanen da eta edozeinen eskura geldituko da. Proiektu honekin, irudi aldetik Wikimediak duen hutsunea betetzeko bidean pauso bat eman nahi dute.

Bertzetik, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute aste honetan, Wikipedian euskarazko kultur eduki digitalen sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatzeko. Horren harira, atzo prentsaurrekoa eskaini zuten Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Xabier Armendaritz Euskal Wikilarien Elkarteko zuzendariak. Agerraldian azaldu zutenez, 25.000 euroko diru ekarpena eginen dio Nafarroako Gobernuak Euskal Wikilarien Elkarteari, eta kultur elkarteak eta Euskarabideak elkarrekin lan eginen dute aurten Nafarroan Wikipedia Euskaraz programa ezartzeko.

Proiektu gehiago Nafarroan

Tokiko eragile eta erakundeekin elkarlanean, Wikipediaren bidez Nafarroako kultur ondarea zabaltzeko asmoz lanean ari Euskal Wikilarien Kultur Elkartea. Herriko toponimia, euskalkiak, istorioak eta monumentuak dira abian dituen ekimenetako batzuk. Horretaz gain, WikiBizi Euskal Herria ekimenaren barne, ondare kulturala eta geografikoa zabaltzen ere lan egiten du. Oteiza museoarekin elkarlanean ere hasia da, Jorge Oteizaren obra eta ondarea Wikipedian zabaltzeko asmoz.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko, WikiBizi Euskalherriak hiru argazki lehiaketa ere antolatu ditu udan, ondareari eta naturari buruzko argazkiak biltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun