Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak hamalau esperientzia proposatu ditu uda honetarako

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 26a, 08:30

Etxalarren, herriko historia etxeen bitartez, usategiak eta gauez kontrabandisten bidea egiteko aukera eskaintzen dute.

Bisita gidatuen eskuorria eta Qra prestatu ditu, bizi dugun egoerara egokituak

Uztailarekin batera, abian dira Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak prestatutako bisita gidatuak. Guztira 14 esperientzia proposatu dituzte, Baztan-Bidasoa sentitzeko. «Mimoz, eta maitasunez prestatu ditugu esperientzia guztiak –diote–, eta egoerari erreparatuz eta protokoloak betez, osasun eta segurtasun neurri guztiak hartu ditugu eskaintza berme guztiz egin ahal izateko. Bertze urteetan baino beranduago, baina….martxan gaude berriz!». JAITSI 2020ko bisita gidatuen eskuorria.

Bisita gidatuak

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak 2020ko bisita gidatuen eskuorria eta QRa prest ditu, bisitariak eskura izan ditzan eskualdean egin ditzakeen bisiten zerrenda. Edizio berri honetan hamalau esperientzia eskaintzen dira guztira, Baztan-Bidasoa zentzumen guztiekin gozatzeko. Bisita gastronomikoak daude, taloa, txokolatea eta gasna egiteko; bisita kulturalak, herrien historia ezagutzeko bisitak, abenturaz gozatzekoak,… Eskuorrian bisitak egiteko baldintzak zehazten dira: tokia, maiztasuna, ordutegia.

Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin editatutako eskuorri hau eskuragarri dago Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteko establezimenduetan, web orrian eta QR bidez deskargatu ahal izateko.

Ez da erran beharrik egoera berrira egokitutako bisita gidatuak izanen direla, leku mugatuekin, aurretiko erreserba, maskara… Asteburuero Etxalarren kontrabandisten ibilbidea, gaueko ibilaldia egiteko aukera bada.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun