Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarrak ezin hobe jokatuta Galarretako 50. urteurreneko txapela irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 20a, 08:00

Juanenea eta Endika saldiastarrek ez zuten egunik onena izan eta erraz galdu zuten

Urriza eta Aritz Zubirik erraz gainditu dituzte Juanenea eta Endika, 16-35, Galarretako 50. urteurren Txapelketako finalean. Iruñeko eta Goizuetako bikoteak bere mailarik hoberenean jokatu zuen eta saldiastarrak ezinean aritu ziren.

Urriza hasieratik jokoan sartu zen eta tantoak erraz akitzen zituen. Zubirik Endika eutsi bakarrik ez, gainditu ere egiten zuen. Sakearekin bikain ibili zen goizuetarra eta aukerarik ez zuen eman. 

Partidua berdindua eta oso bizi hasi zen, baina launako berdinketa eta gero 0-8ko partziala egin zuten Urrizak eta Zubirik, zortzi tantoko abantaila lortuz. Hortik aurrera abantaila ongi eutsi zuten. Gorriak saiatu ziren eta lau tantora ere hurbildu ziren, 8-12, baina berriz ere aldea bederatzi tantora zabaldu zuten urdinek, 11-20. 

Lehenengo atsedena eta gero jokoa ez zen asko aldatu. Pilota bizi ibili zen eta tanto borrokatuak ikusi ziren, hori bai ia beti urdinen alde erortzen ziren. Urrizaren defentsa ikaragarria izan zen eta erasoan Zubiri eta biak ezin hobeto jardun ziren. 

15-22koa Juaneneak egin zuen eta hortik aurrera bikote bakarra egon zen kantxan. Abantaila 15-26ra zabaldu zuten eta Juanenearen azken tantoa eta gero beste bederatzi tanto jarraian egin eta 16-35 itxi zuten markagailua. Azken tantoetan bakarrik etsi zuten gorriek, azken lau tantoetan, ordura arte urdinen birtuteak nagusitu ziren. Bai atzean eta bai aurrean gehiago izan ziren eta garaipenak ez zuen aitzakiarik izan. 

Dirua parean irten zen, baina partida ez zen orekatua joan, markagailuak eta pilotarien zenbakiek erakutsi zuten moduan. Urrizak 18 tanto egin zituen, pilota bakarra huts egin gabe. Zubirik zortzi tanto egin zituen piloteoan eta lau sakez. Goizuetarrak bi pilota bakarrik egin zituen. Gorrietan Juaneneak bederatzi tanto egin zituen eta hutsegite bakarra. Endikak lau tantorekin amaitu zuen, hiru akatsekin piloteoan, sakearekin tanto bat eta falta bat egin zuen. 

Partidu amaieran Juaneneak «ridikulu» hitza erabili zuen eta Zubirik azpimarratu zuen «entxufatuta» sartu zirela bai bera baita Urriza ere. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun