Galarretako 50. urteurreneko txapelketaren finalerako pilotak aukeratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 09:00

Urrutia, Juanenea, Zubiri eta Urriza, Kike Elizalde intendentearekin, finalerako pilotak aukeratu ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Juanenea eta Endika saldiastarrek eta Urriza eta Goizuetako Aritz Zubirik bilatzen zutena aurkitu zuten

Galarreta pilotalekuaren 50. Urteurreneko txapelketaren finala jokatuko dute uztailaren 18an. Aritz Juanenea eta Endika Urriza saldiastarrak eta Urriza eta Goizuetako Zubiri finalistak pozik geratu dira materialarekin, ostegunean egindako aukeraketaren ondotik. Bikote bakoitzak lau pilota aukeratu zituen eta azkar egin zuten.

Ligaxkan lehen sailkatuak Juanenea eta Endika izan ziren. Zazpi minututan lau pilota banandu zituzten, eta 128 gramo hiruk eta 127 gramoko bat pisatu zituzten. Pilota biziak aukeratu zituzten, bote handia hartzen dutenak eta Endikak pilota berriak aukeratu zituztela esan zuen, «Urriza piloteoan gutxi sartzeko helburuarekin». 

Minutu bat gutxiago behar izan zuten urdinek, sei minutu, eta 128 gramoko lau pilota aukeratu zituzten. «Bote eta irteera gutxiagorekin», Aritz Zubiri atzelari goizuetarrak adierazi zuenez. «Jokatzen uzten duten pilotak dira, eta ez dut uste hainbesteko alderik dagoenik materialean», baieztatu zuen goizuetarrak.

Larunbatean 15:15ean hasiko da jaialdia

Uztailaren 18an, larunbatean 15:15ean Galarretan hasiko den jaialdiko lehen partidan, Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta Larrañagaren kontra ariko dira. Ondotik, finala jokatuko dute eta hirugarren partidan, Urrutia II.a saldiastarra eta Arruarte, debuta eginen duen Zaldua II.a eta Zalduaren kontra ariko dira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun