Ezkurra II. bikain batek lortu du Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren finalerako txartela

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 08:00

Josetxo Ezkurra II.a eta Zeberio II.a, lehen mailako finalaurrekoan. Argazkia: Joseba Zabalza

Agirrezabalarekin batera, 34-35 irabazi zieten ligaxkan lehenbizikoak izanak ziren Zeberio II.a eta Azpirozi

Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zituzten ortzegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharreko seigarren Erremonte Txapelketako lehen finalerdiak. Lehenbiziko kategorian, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Agirrezabalak 34-35 irabazi zieten Zeberio II.a eta Azpirozi, ligaxkan lehenbizikoak izan zirenei. Bigarren kategorian ez zen halako ezusterik izan eta ligaxkan nagusitu zirenek, Aldabe eta Barricart-ek 35-26 irabazi zieten Erburu eta Julen Larretxea doneztebarrari. Gaur, 18:30ean jokatuko dituzte bigarren finalerdiak Labriten: Uterga eta Garcés, Matxin III.a eta Ionen kontra lehen mailan eta Beñat eta Otano, Jabalera eta Saldiasen kontra bigarren mailan. Finalak larunbatean 18:00etan jokatuko dituzte.

Ortzegun arratsaldeko partida nagusian erakustaldia eskaini zuen Josetxo Ezkurra II.ak. Agirrezabalarekin batera azkenak izan ziren ligaxkan, partida bakar bat ere irabazi gabe. Ligaxkan partida guztiak irabaziak zituzten Zeberio II.a eta Azpiroz zituzten arerio, baina ez ziren kikildu. Pronostikoaren kontra, hasieratik aitzinetik paratu ziren urdinak (3-8, 5-17, 14-21 eta 17-25). Hogeitazortzina eta hogeitabederatzina berdindu ez ezik, tanto baten faltan aitzinetik jarri ziren Zeberio eta Azpiroz, baina azken hiru tantoetan arriskatu egin zuen Ezkurrak eta ongi atera zitzaion (34-35).

Aldabe pilota astintzen, Larretxea begira duela, bigarren mailako finalaurrekoan. Argazkia: Joseba Zabalza

 

Bigarren mailako partidan, emaitzak erakusten duena baino lan gehiago eman zituzten Erburuk eta Larretxeak, hogeitabosnako berdinketara bitarte hiruzpalau tanto aitzinetik izan baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun