2019an publizitate instituzionalean 1,3 milioi euro inbertitu zituen Nafarroako Gobernuak Gobernu Irekiaren web atarian argitaratutakoaren arabera. Kopuru horren %22 Diario de Navarrara joan zen –284.931 euro– paperean eta edizio digitalean egindako publizitatearengatik. Diario de Noticiasek 193.545 euro jaso zituen bi euskarri horietan argitaratutako iragarkiengatik. Garak 42.227 euro jaso zituen eta Berriak 18.325 euro.
Irratietan ere, gaztelaniazko hedabideen aldeko tendentzia nabarmena da. Cadena Ser katea da jaun eta jabe, irrati guztien artean banatu ziren 227.544 euroetatik ia 60.000 Prisa taldeko kateak jaso baitzituen. Atzetik Cope eta Onda Cero kate eskuindarrak –41.394,35 eta 35.425,23 euro, hurrenez hurren–. Eta, berriz ere, euskarazko lehenbiziko hedabidea aurkitzeko taularen beheko puntara jautsi behar da: Iruñerriko Euskalerria Irratiak 9.799 euro jaso zuen publizitate instituzionalean eta Xorroxinek 1.764 euro.
Telebistak eta edizio digitalak
Nafarroan emititzen duten sei telebista kateen artean Navarra TVri eman dio Gobernuak publizitate instituzional gehien, 81.571 euro, telebistetan inbertitutakoaren %73. Gainerakoei dagokionez, Hamaika Telebistak 7.675,94 euro, Xaloak 6.310,56 euro, TeleRiberak 6.000 euro, 30 TVk 5.534 euro eta Zona Mediak 4.070 euro.
Deigarria da hedabide digitaletako publizitatearekin gertatzen dena ere. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, sarean dauden argitalpen guztien artetik bakarrik bitan jarri zuen publizitatea Foru Gobernuak: Diario de Navarraren webgunean ia 20.000 euro eta Diario de Noticiasenean 17.000 inguru. Kasu honetan, euskaraz diharduten hedabideen webguneak agertu ere ez dira egiten, nahiz eta bai eskualdeka, bai erkidego mailan, gertatzen diren albisteen etengabeko jarraipena egiten duten.
Tokiko aldizkarietan, gaztelaniazkoentzat %80 eta euskarazkoentzat %20
Gobernuak 2019an egin zituen 25 publizitate kanpainetatik guti batzuk baino ez zituen egin tokiko hedabideetan. Epigrafe horretan ageri diren 18 hedabideetan ere, gaztelaniazkoak izan ziren alde handiarekin publizitate instituzionalaren onuradun nagusiak. Diru-kopuruak ikusita, ordea, agerikoa da berak nahi bezala banatu zituela Txibiteren Gobernuak kanpainak eta zenbatekoak, ez baitzuen batere kontuan hartu CIESen audientzi-neurketek ematen dituzten datuak. Konparaziora, audientzia handiagoa duten euskarazko aldizkari batzuk audientzia urriagoa duten gaztelaniazko bertze batzuk baino publizitate gutiago jaso zuten. Gehien Lizarrako Calle Mayorek hartu zuen –5.309 euro–. Euskarazkoen artean gehien Sakanako Guaixek –4.136 euro– eta gutien Ultzamaldeko Pulunpek –449 euro–. TTIPI-TTAPAk 3.489 euro jaso zituen.