Asteburuan jokatuko dituzte Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako lehen kanporaketak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 6a, 18:00

Iaz txapeldun izan zelako zuzenean finalerdietan hasiko da aurten Doneztebe.

Zazpi herri ariko dira, tartean iaz txapeldun izateagatik zuzenean finalerdietan hasiko den Doneztebe eta final laurdenetan elkarren kontra ariko diren Baztan eta Leitza, larunbatean 17:00etan Iruritako Aranabia pilotalekua

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa berezia izanen da aurten. Zazpi herrik eman dute izena 51. edizio honetan: iaz txapeldun izan zen Doneztebe, Baztan eta Leitza izanen dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea ariko dira. Ez da ligaxkarik izanen, kanporaketak baizik, Covid-19aren eraginez, ahalik eta abudoen egin nahi baitu Nafarroako Pilota Federazioak. Lau kategoriatan jokatuko dituzte partidak: alebin, infantil, junior eta seniorrak.

Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietarako sailkatua dago. Bertze sei herriek asteburu honetan jokatuko dituzte final laurdenetako kanporaketak, zozketaz egokitutako herrian. Baztan eta Leitza aurrez aurre izanen dira abuztuaren 8an, larunbatean 17:00etan hasita Iruritako Aranabia pilotalekuan. Bertze kanporaketetan, Lizarra eta Ultzama alde batetik, eta Larraun eta Iruñea ariko dira nor baino nor gehiago, lehenik aipatutako herrietan. Iruñeko Labriten jokatuko dituzte finalaurrekoak abuztuaren 15ean eta 16an, goizez. Larunbatean, Baztan-Leitza eta Larraun-Iruñea kanporaketetako irabazleak lehiatuko dira eta igandean, Lizarra-Ultzama kanporaketako irabazlearen kontra ariko da Doneztebe. Final handia abuztuaren 22an jokatuko dute Labriten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun