Nafarroako Gobernuak Baztan-Bidasoko azpiegiturak hobetzeko 2 milioi euro bideratuko ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 15a, 15:00

Bernardo Cirizak eta Jesus Mari Rodriguezek Baztanen eta Donezteben egiten ari diren lanak bisitatu dituzte.

Nafarroako Gobernuak Baztan-Bidasoa eskualdean tokiko 21 azpiegitura hobetzeko proiektu lagunduko ditu, 2 milioi euro bideratuz. Tokiko Inbertsio Planaren barne, bederatzi herritan eta Bortzirietako Mankomunitatean 21 jarduera eginen dituzte.

Lurralde Kohesiorako kontseilari den Bernardo Cirizak eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusi den Jesus Mari Rodriguezek Baztanen eta Donezteben egiten ari diren lanak bisitatu dituzte, Joseba Otondo eta Santiago Uterga alkateekin batera. 

Baztani dagokionez, Azpilkuetako karrikak eta Zuaztoiko karrikak, uraren banaketa, hondakin-uren sarea... hobetzen ari dira, gero hormigoia bota eta sare elektrikoa, argiarena eta telefonoarena kanalizatzeko. Era berean, Aritzakunen dauden baserrietara bi bide egin dituzte, hori eusteko 35 metroko paretarekin batera. Beartzunen, berriz, bidea pasatzen den tokian, eremua egonkortzeko pantaila bat eraiki dute.

Lan horiek guztiek 850.000 euroko kostua dute eta horiek laguntzeko Nafarroako Gobernuak 650.000 euro emanen ditu; gainerakoa Baztango Udalaren gain geldituko da.

Donezteben ere moldaketak egin dira. Izan ere, uraren depositua egin berri dute. 1.000 metro kubikoko edukiera du eta bi biltegitan banatuta dago. Depositura egiteko eta bertara joateko bidea hobetzeko lanak 400.000 euro kosta dira eta Gobernuak 320.000 euro emanen ditu.

Eskualdean, proiektu gehiago

Orain artean Nafarroako Gobernuak 1.050.000 euro bideratu ditu, baina Baztan-Bidasoan eginen diren hobekuntzak laguntzeko bertze 950.000 euro emateke ditu (lanak aitzinera joan ahala banatuko dira). Baztan eta Doneztebekin batera, Arantzan (bideak eta Herriko Etxearen zaharberritzea, 25.000 euro), Beran (uraren sareak hobetzea, argiteria-lanak, Eztegara frontoiko egokitzapenak eta musika eskolako lanak, 500.000 euro); Donamarian (zolaberritzeak, 55.000 euro); Eratsunen (udaletxea zaharberritzea, 42.000); Sunbillan (eskola egiteko urbanizazio lanak, 27.000 euro); Urdazubin (bideak egiteko, 25.000 euro); Zugarramurdin (57.000 euro); eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean (puntu garbietan, 295.000 euro) ere azpiegiturak hobetzeko lanean ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun