era.eus plataformak familientzako ‘Jolasean Blai’ mahai-joko digitala argitaratu du

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 9a, 18:00

Jolasean Blai mahai-joko digitala gurasoentzako tresna bikaina da udan ere euskal kulturaz gozatzeko seme-alabekin.

era.eus euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako plataforma da, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk elkarlanean sortutakoa. Bertan haurrak euskaraz hazi eta hezteko ahaleginean ari diren gurasoei hainbat gomendio eta laguntza ematen zaizkie.

Ildo horretan, ERA.EUS gurasoen eskura jartzen du online dagoen material ugaria. Horretarako proposamenak bildu eta sailkatu dira, familiendako txukun, eroso eta erabilgarri aurkezturik. Helburu horretan urrats berri bat eginez, JOLASEAN BLAI mahai-joko birtuala argitaratu berri da. Honakoa onlineko kultur proposamenen hautaketa bat da, oporretarako dinamika bat proposatzen duena: Altxorraren uhartean barrena ibilbide bat egitea. Haurrak bakarrik zein gurasoekin batera aritu daitezke.

Koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz, ERAk ekimena hartu zuen gurasoei egunero eskaintza ezberdin, kalitatezko, eta erakargarri bat egiteko. Hala, 2020ko martxoaren 18tik maiatzaren 31ra, egunero etxean gozatzeko kultur proposamen bana hautatu zen kulturgileek online eskuragarri jarri duten horietatik: literatura, musika, jolasak, ikus-entzunezkoak, aplikazioak… Jolasean Blai egindako bilketa-lanaren ondorioz sortu da, honela kalitatezko kultur proposamen hauek modu erakargarri batean aurkezten zaizkio familiari.

Dinamika: Egunero, edo bi egunean behin, edo egoki ikusten denean, laukitxo bat aurrera egin behar da. Horietako bakoitzean kultur proposamen bat edo bi dago. Iraupena da bien arteko aldea, proposamen motzak eta luzeak baitaude. Gurasoari proposatzen zaio, beraz, haurrarekin gozatzeko bideo-ipuinak, emanaldiak (zinema, antzerkia, musikalak…), bideoklipak, App-ak… edo sorpresa kutxa ireki daiteke! Nork daki zer topatuko duten bertan! Bestalde, PDF-a zuribeltzean ere deskarga daiteke eta inprimatu: Egongelan edo sukaldeko mahaian jolastu ahal izateko, ibilbidea koloreztatzeko…

Azkenik, ERA.EUSek nabarmendu nahi du kultur sortzaileen lana. Haien lanari esker familiek aukera aparta dute seme-alaben gozamena etxean euskaraz elikatzeko. Haiek gabe ez zatekeen posible izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun