Ia bortz puntu jaitsi da Baztan-Bidasoko langabe kopurua ekainean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 15:00
Joan den urtean %30,81 guttiago ziren ekain hondarrean Doneztebeko enplegu zerbitzuan izena emana zutenak.

Azken hilabeteetako joera irauliz, ekainean %4,76 jaitsi da Doneztebeko Enplegu Zerbitzuan izena emana duten langabeen kopurua. Guztira 815 lagun dira lanik gabe daudenak, maiatzean baino 41 gutxiago baina iaz tenore honetan baino %30, 81 gehiago.

Martxotik maiatzera goranzko joera hartua zuten eskualdeko langabezia datuek bertzelako bilakaera izan dute ekainean. Izan ere, maiatz hondarrean 787 langabe ziren (joan den urtean baino 38 gehiago); apirilean 838 lagun zeuden (eta langabezia iazkoa baino %22,51 handiagoa zen); maiatzean 856 ziren izena emana zutenak (2019an baino %27,22 gehiago). Ekainean, kopuruak beheiti egin du eta hilabete hondarrean 41 langabetu guttiago ziren Doneztebeko Enplegu Zerbitzuan izena emana zutenak. Gaur gaurkoz, zerbitzuen sektorea da kaltetuena, guztira 601 langabeturekin eta industria alorrekoak dira bertze 136.

Bilakaera gazi-gozoa

Ekainean beheiti egin duen arren, iazko langabezia datuekin kontrastatuz, ezin erran daiteke aurten hobekuntza sumatu denik. Izan ere, joan den urtean ekain hondarrean 623 ziren Doneztebeko Enplegu Zerbitzuan izena emana zutenak, aurten baino %30,81 gutxiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun