Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barne Batzordeak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen aldeko botoekin eta Nafarroa Sumaren aurkako botoarekin, ebazpen bat onartu zuen ekainaren 23an. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio «tokiko aldizkariak, gure eskualdeetako merkataritza eta enpresa txikiak berrabiarazteko tresna bat gehiago diren aldetik, kontuan hartuak izan daitezela» Nafarroa Suspertu planean.
Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat ere badu, eta hortan, Foru Gobernuari «aurreko puntuarekin bat eginez, tokiko aldizkariak Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planean babestu beharreko sektoretzat har ditzan» eskatzen dio.
EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren mozioak hirugarren puntu bat ere bazeukan, azkenean Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa batekin ordezkatu izan zena ekimenaren titularrek onartu ondotik. Puntu horretan «Nafarroako tokiko aldizkarien ordezkariekin hitzarmen edo akordio batera iristea» eta, «Tokiko Prentsari buruzko Jardunaldiak egiteko, Gobernuak egiten dituen hedabideen audientzia azterlanetan tokiko aldizkariak sartzeko eta publizitate instituzionaletako kanpainetan kontuan hartzeko” eskatu nahi zitzaion Gobernuari. Azkenean, Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, puntu hau baztertu egin zen.
Arrazoi eta argudioen azalpenean, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak tokiko eta hurbileko prentsaren «garrantzia historikoa» nabarmentzen du, lurralde kohesioa sustatzen duen aldetik eta, zenbait kasutan, «euskararen sustapena» ere bai. Sektore hau erortzen uzteak «kulturaren pobretzea» ekarriko luke, tokiko prentsa funtsezkoa baita eskualdeen suspertze ekonomikoari dagokionez ere.
Halaber, eskualdeko prentsak merkataritzarekin eta tokiko enpresa txikiekin publizitatearen bitartez duten harreman estua nabarmentzen da, eta lotura hori indartzeko aldarrikatzen da, «elkarren beharra» dutelako. Hori dela eta, «globalizazio deshumanizatu eta desorekatuaren» aurrean, administrazioaren inplikazioa eskatzen da «tokiko aldizkariak indartzeko» eta horrekin batera «eskualdeen sostengu harmonikoa lortzeko».
Nafarpres Nafarroa osoan paperean argitaratzen diren tokiko aldizkarien elkarte bat da eta bere xede nagusia da tokiko prentsa eta informazioa sustatzea herritarrarengandik hurbileneko ikuspuntutik. Nafarroako biztanleen erdia baino gehiagorengana iristen dira tokiko aldizkariak. Guztiak bokazio soziala duten enpresak dira, eta lana ematen diete bertzelako produkzio-sektore batzuei, hala nola inprentei, diseinu estudioei, publizistei edo banatzaileei.
Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak José Suárez, Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Pedro González, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Inma Jurío, Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira.