Taldeko pilotariak aurkeztu ditu Upelpilota enpresak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 14:00

Aurkezpena joan den igandean egin zuten Astigarragan eta tartean dago sorreratik enpresako kidea den Mikel Olazabal aresoarra.

Lau urteko ibilbidea egin du 2016an sortu zuten Upelpilota enpresak. Bortz pilotari elkartu eta eurek izan ziren taldea sortzeko urratsa eman zutenak: Iñaki Otxandorena, Asier Olaizola, Mikel Olazabal, Iñaki Eskudero eta Diego Pascualek. Geroztik utzi egin dute batzuk baina enpresak bere bidea egiten segitu du, bereziki herriko bestetan, Eguberrietan edo ferietan, eta tarteka torneoren bat jokatuz. Gisa honetara, urtez urte, «partida asko» jokatu izan dituztela adierazi dio Olazabalek TTIPI-TTAPAri. Aurtengo, urtea, ez dute uste halakoa izanen denik. «Zaila» izanen dela iruditzen zaio Olazabali, «herrietako pestak bertan behera utzi dituztenez, itxaropen gutxi dugu».

Gaur egun, hasieratik taldean egon diren Olazabalekin eta Pascualekin batera, Iban Azanzak osatzen dute enpresa eta jaialdiak osatzeko hiru pilotari hartu dituzte aurten: Retegi Bi, Xala eta Gorka. Hortik aparte, «herri bakoitzaren arabera, herrietako afizionatuekin ere partidak antolatu izan ditugu», dio Olazabalek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun