Irache kontsumitzaileen elkarteak auzitara eraman ditu dirua itzultzen ez duten hegazkin konpainiak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 13:00

Hegaldia bertan behera gelditu den kasuetan, bidaiariak bi aukera ditu: diruaren itzulketa edo bonua bidaia alternatibo bat egiteko bezeroari komeni zaion bertze egun batean.

Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak auzitara eramanen ditu hegaldiak bertan behera utzi ondotik txartelen dirua itzultzen ari ez diren airelineak. Airelinea batzuek urte batean edo bitan erabiltzeko bonuak baino ez dituzte eskaintzen, nahiz eta kontsumitzaileak dirua itzultzea eskatu.

Kontsumitzaileek nahiago dute bere dirua berreskuratu

Ia konpainia guztiak erositakoaren zenbateko bereko bonuak eskaintzen ari dira, urte batean edo bitan bertze hegaldi batzuetan erabiltzeko. Baina kontsumitzaile batzuek nahiago dute konpainiak billeteen dirua itzultzea. Hala eskatu dute, baina konpainiak ez du dirua itzuli, edo kontsumitzaileen eskaerari ere ez dio erantzun. Kasu horietan, Irache kontsumitzaileen elkarteak defendatuko ditu epaitegien aitzinean, beharrezkoa bada.

Normala den bezala, era guztietako egoerak daude: Aste Santuko familia-bidaiak, Europa, Amerika edo Asiarako hegaldiak... Kasu batzuetan, aspalditik erreserbatutako hegaldiak dira, agenda zailak koadratuz; beraz, ezinezkoa da bertze egun batzuetan egitea, eta bonuak ez du zentzurik. Bertze batzuetan, kontsumitzaileak nahiago du bere dirua berreskuratu.

Konpainiek ez dute argi eta garbi adierazten aukeren artean dirua berreskuratzearen aukera

Hegaldia bertan behera gelditu den kasuetan, bidaiariak bi aukera ditu: diruaren itzulketa edo bonua bidaia alternatibo bat egiteko bezeroari komeni zaion bertze egun batean. Alabaina, bonuaren aukera baliozkoa izateko, konpainiak bi aukerak (dirua itzultzeko aukera edo bonua) eskaini beharko ditu lehenik eta, ondotik, bidaiariak azken aukera hori libreki aukeratu beharko du baliozkoa izateko.

Kontua da gehienetan konpainiak bonua baino ez duela ematen alternatiba gisa. Kontsumitzaileak telefonoz deitzen badu eta kasu egitea lortzen badu, bonua erabiltzeko edo datak aldatzeko aukeraren berri bakarrik emanen diote. Hegaldia bertan behera gelditu izanaren berri ematen duten mezuan, une oro eskaintzen da bonua, baita engainagarriak izan daitezkeen eta kontsumitzaileari dirua berreskuratuko duela pentsarazten dioten esamoldeekin ere, «bonu bakoitzeko itzulketa» gisako esamoldeak, alegia. Kontsumitzaileak bonua onartzen duen kasuetan, aldiz, aisa zailagoa izanen da billeteengatik ordaindu zuen dirua berreskuratzea.

Hegazkin-konpainia batzuek diote bonua azkenean erabiltzen ez bada dirua itzuliko diotela bezeroari

Bonua balio-epean erabiltzen ez bada kontsumitzaileak dirua berreskuratu ahal izanen duela adierazten dute konpainia batzuek beren web orrian. Alabaina, lehen begiratuan aukera hori erakargarria izan daitekeen arren, bezeroarentzat ez da garbi gelditzen hegazkin-konpainiak urte batean edo bitan izanen duen eta hartuko duen jarrera aldatuko ez denik.

Alarma-egoera amaitu ondotik egin diren ezeztatzeak

Konpainia batzuk bezeroei jakinarazten ari dira bertan behera utzi dituztela Alarma Egoeran egongo ez diren hegaldiak. Adierazi den bezala, bidaiariak dirua itzultzeko edo bertze hegaldi bat erabiltzeko eskubidea du bertze data batzuetan.

Horrelakoetan, konpainia batzuk hegaldia bertze data batzuetara aldatzea eskaintzen diete bezeroei. Eta hainbat kontsumitzailek, ziurgabetasun egoera honetan, data aldaketa edo bonu horiek onartzen dituzte. Aukera bat da. Edonola ere, kontsumitzailea ez dago behartuta data aldaketa edo bonua onartzera, eta dirua itzultzeko eskatzeko eskubidea du.

Joaneko hegaldia bakarrik baliogabetzen badiote, bezeroak joan-etorri osoaren itzulketa eska dezake erreserba bakar batean kontratatu badu

Irachera joaneko eta itzulerako hegaldia erreserba berean kontratatu zuten kontsumitzaileak ere iritsi dira, eta joan-etorriko hegaldia bertan behera uzteko erran diete. Kasu horretan, bi hegaldien itzulketa edo data alternatiboen aldaketa hautatzeko eskubidea dute. Aldiz, hegaldiak modu independentean kontratatu badituzte, bertan behera utzi duten dirua itzultzeko eskubidea baino ez dute izanen.

Ezeztapen-aseguruetan, baldintzak aztertu eta pandemia baztertua dagoen begiratu behar da

Kitapen-aseguruak kontratatzea bertze kontu bat da. Pertsona batzuk Irachera joan dira ohartu direnean kontratatua zuten ezeztapen-aseguruak ez dielako dirua itzultzen. Kasu horietan, polizaren baldintzak ikusi beharko dira. Poliza batzuek bidaiatzea eragozten duen gertaerak estaltzen dituzte, eta bertze batzuek, aldiz, pandemia kasuak baztertu egiten dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun